Gasteizko Errekabarri eta Bilboko Iruarteta ikastetxeen eraikinen lanetarako 15,7 milioi euro

Iruarte ikastetxearen lanen infografia
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: jueves, 8 junio 2017 12:07

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak 15,7 milioi euro bideratuko ditu Gasteizko Errekabarri eta Bilboko Iruarteta ikastetxeen eraikin berrien lanetara. Hezkuntza Sailak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, bi proiektuen lanak urtea amaitu baino lehen esleitzea aurreikusten du.

Bilboko Iruarteta ikastetxea handitzeko lanek eta Gasteizko Errekabarri ikastetxe berriaren eraikuntza lanek "beste aurrerapauso garrantzitsu bat izan dute errealitate bihurtuko dituen prozesu administratiboan". Bi ikastetxeak Haur eta Lehen Hezkuntzakoak dira.

Jaurlaritzaren gobernu bilerak aste honetan onartu du bi proiektu horietara 15,7 milioi euro bideratzea. Hain zuzen, 6.998.720,96 euro bideratuko dira Bilboko Iruarteta HLHI handitzeko lanetara, eta beste 8.717.350,86 euro Gasteizen Errekabarri HLHIren eraikin berria egiteko.

Bilboko Miribila auzoan dagoen Iruarteta ikastetxea handitzeko lanak burutzeko epea 22 hilabetekoa izango da, hasten diren unean zenbatzen hasita, eta eraikin berria egitea hartzen dute barne. Ikastetxearen egungo gimnasioaren alboan jasoko da "L" formako eraikin berria, orubearen hegoaldeko ertzan. Orotara eraikitako azalera 2.365,78 metro koadrokoa izango da. Behe solairua eta honen gainean eraikitako beste solairu bat izango ditu eraikinak, ongi bereizitako bi eraikin gorputzekin. 2 eta 5 urte bitarteko 350 ume baino gehiagorentzako gaitasuna izango du.

Eraikin gorputz nagusian (behe solairua eta gainean beste solairu bat dituena), besteak beste, ikasgelak egongo dira: 17 gela arrunt, psikomotrizitate gela eta erabilera anitzeko gela. Horiei gehitu behar zaizkie komunak, irakasleen gela eta tutoretza gela. Beste eraikin gorputzean, solairu bakarrean, jangela eta honen bulegoa egongo dira. Atal honek bere inguru guztian aterpea izango du, estalitako jolastokiarekin bat egingo duen aterpea.

Kanpoan, kirol pista estalia da nabarmentzekoa, ia 1.000 metro koadrokoa. Kirol pistaren estalkiaren gainazala jolastokitarako baliatuko da, orubeak duen maldari esker, goiko eremuarekin bat egingo baitu. Kirol pista estaliaren ondoan, kanpoaldeko igogailua eta eskailerak kokatuko dira. Komunikazio lotune honi esker, eraikin berria eta bere ingurunea egungo eraikina dagoen gunearekin lotuko da, batetik bestera dagoen desnibela gaindituz.

ERREKABARRI

Bestalde, Gasteizko Errekabarri Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxearen eraikin berria egiteko lanek 18 hilabeteko burutze epea izango dute, lanok hasten direnetik.

Eraikin berria 13.947 metro koadro zabal den orubean egingo da, Salburua auzoko Iliada paseatokian. Eraikin berriak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako hiruna lerro izango ditu. Orotara, 2 eta 12 urte bitarteko 700 ume baino gehiagorentzako gaitasuna izango du.

Eraikin multzoan hiru pieza bereiziko dira oso nabarmen: Haur Hezkuntzako eraikina (behe solairua gehi gainean beste solairu bat), Lehen Hezkuntzako eraikina (behe solairua gehi beste bi gainean), eta kirol pista estalia. Kanpoko kirol pistak hiru eraikin hauen artean kokatuko dira.