Garapenerako lankidetzako proiektuetarako 35 milioi euro

Garapenerako lankidetzako proiektuetarako laguntza banatuko ditu Jaurlaritzak
AFOLABI SOTUNDE/REUTERS
Actualizado: martes, 16 mayo 2017 12:35

GASTEIZ, 16 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak garapenerako lankidetzako proiektuen deialdia egitea onartu du astearte honetan, eta guztira 35 milioi euro bideratuko ditu xede horretara. Garapenerako lankidetzako proiektuetarako diru laguntzak Lakuako Gobernuak garapenerako lankidetzan egiten duen jardueraren ardatza dira, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak kudeatzen dituen funts gehienak bideratu dira horietara, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez.

Diru laguntzok hiru modalitatetako proiektuak finantzatzeko izango dira. Alde batetik, Hegoaldeko herrialde txiroetako pobreziaren aurka egiteko garapenerako lankidetza proiektuak daude. Modalitate honetara bideratuko dira diru laguntza gehienak, guztira, 28.700.000 euro.

Bigarrenik, Hegoaldeko herrialde txirotuetako pobreziaren aurka zuzenean egiteko garapen produktibo, prestakuntza eta teknologiako laguntzarako proiektuak daude, eta 1.050.000 euro bideratuko dira horretara.

Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) garapenari buruz egindako hezkuntza proiektuetarako diru laguntzak banatuko dira, munduan desberdintasunak sorrarazten dituzten arrazoiak ulertarazteko eta egungo gizarte ereduak eraldatzen herritarren inplikazioa eta konpromisoa sustatzeko. Proiektu horiek laguntzeko 5.250.000 euro erabiliko dira.

Laguntza horien hartzaileak EAEko edo EAEn ordezkaritza duten garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak (GGKE) izango dira, baldin eta Hegoaldeko herrialdeetako erakunde eta mugimenduekin batera lanean ari badira.

600.000 EURO GEHIENEZ

Proiektu bakoitzerako diru laguntza gehienez ere 600.000 eurokoa izango da, eta proiektuaren iraupena bi urtekoa izango da. Honako sektore hauetan kokatu beharko dira proiektuok: eskubide unibertsaletan, gobernantza demokratikoan eta tokiko boterean, tokiko garapen ekonomikoan, ingurumena babestu eta zaintzean eta emakumeen ahalduntzean.

Gaur egun, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak 250 bat proiektu finantzatzen ditu mundu osoan. Horietako gehienak Euskadin eta honako herrialde hauetan gauzatzen ari dira: Peru, Bolivia eta Ekuador, Hegoamerikan; Guatemala, El Salvador eta Mexiko, Ertamerikan; Kongoko Errepublika Demokratikoa, Senegal eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa, Afrikan; India eta Palestina, Asian.

Eskaerak nola izapidetu eta zein dokumentazio aurkeztu behar den jasota dago https://euskadi.eus eta www.elankidetza.euskadi.eus webguneetan. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.