Jaurlaritzak 400.000 euro bideratuko ditu euskarazko edukiak sustatzera nagusiki gaztelaniaz diren hedabideetan

Actualizado: martes, 11 julio 2017 13:04

GASTEIZ, 11 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak 400.000 euroko aurrekontu saila onartu du euskararen erabilera areagotzeko nagusiki gaztelania darabilten hedabideetan. Deialdi honen bitartez, euskarazko edukiak sustatu nahi dira egunkarien edizio digitaletan eta Internet bidez berriak euskaraz ere ematen dituzten berri agentzietan.

Zehazki, Jaurlaritzaren arduradunek azaldu dutenez, diruz lagundu daitezkeen egitasmoak bi motakoak izan daitezke: alde batetik, nagusiki gaztelania darabilten paperean inprimatutako idatzizko egunkarien edizio digitalak lagunduko dira (350.000 euro), eta bestetik, Internet bidez berriak euskaraz ere ematen dituzten berri agentziak (50.000 euro).

Deialdiak diru laguntzak banatzeko hainbat baldintza ezartzen ditu. Esate baterako, jasotzen du lehen multzoaren egitasmoei Google Analytics neurgailua izatea eskatu zaiela, euskarazko albiste bakoitzak izan behar dituen karaktereak zehazten ditu (1.500 karaktere, gutxienez) edota agenda ekitaldiak ez direla albistetzat hartzen azaltzen du.

Deialdi honetaz gain, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diru laguntzak bideratzen ditu nagusiki euskaraz argitaratzen diren hedabideentzat.