Jaurlaritzak 42,7 milioi euro bideratuko ditu ezintasuna duten lagunen eta baztertuta dauden taldeen enplegua sustatzera

Actualizado: martes, 8 marzo 2016 13:08

GASTEIZ, 8 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak lau diru laguntza lerro onartu ditu astearte honetan, Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, ezintasuna eta laneratzeko zailtasun handia duten pertsonen lan aktibazioa sustatzeko. Lanbide Enpleguko Euskal Zerbitzuak kudeatuko ditu laguntzak eta, guztira, 42,7 milioi euro banatuko dira.

Horrela, Toñak berak zehaztu duenez, 30 milioi euro bideratuko dira lehen laguntza lerrora, enplegu zentro berezien bitartez ezintasuna duten pertsonen laneratzea errazteko. Laguntzok ezintasuna duten pertsonek betetako lanpostuen soldata kostuak bakarrik finantzatuko dituzte.

Ezintasuna duten pertsonek hiru enplegu mota dituzte lanerako eskubidea gauzatzeko: enplegu arrunta, enplegu autonomoa eta babestutako enplegua, enplegu zentro berezietan eta lan enklabeetan. Lanbideren laguntza programa azken mota horri dagokio.

Enplegu zentro bereziek lan produktiboa egitea dute helburu nagusitzat, eta, hartara, merkatu eragiketetan aldizka parte hartzen dute, eta, ordainpeko lana ez ezik, ezintasuna duten pertsonek behar dituzten doikuntza pertsonal eta sozialerako zerbitzuak ere ematen dituzte.

Enplegu zentro berezien jarduera profesionalari laguntzeko unitateetarako langileen kontratazioa ordaintzeko erabiliko da bigarren laguntzen deialdia, lau milioi eurokoa. Jarduera profesionalari laguntzeko unitateak profesional anitzeko taldeak dira, eta, eginkizun ezberdinak garatuz, laguntza ematen dute oso laneratze zaila duten enplegu zentro berezietako langile desgaituek topatzen dituzten oztopoak eta barrerak gaindi ditzaten.

Laneratzeko enpresak sostengatzeko laguntzen deialdiak, 8,2 milioi eurorekin, laneratzeko enpresetan enplegua sortzea eta horri eustea du helburutzat funtsean. Laneratzeko enpresak merkataritza sozietateak edo kooperatiba sozietateak dira, eta gizarte bazterketa pairatzen duten pertsonen laneratzea eta prestakuntza soziolaborala dute helburutzat, bai eta enplegu arruntera igarotzea ere.

Mota honetako laguntzak arautzen dituen aginduak (2009ko maiatzaren 4koa) bi diru laguntza lerro ditu: bata, laneratzeko enpresak sortzen laguntzekoa, horien bideragarritasunari buruzko merkatu azterlanak finantzatzearen bidez, eta, bestea, dagoeneko sortuta dauden enpresak mantentzekoa. Azken horren barruan sartzen dira, bai aktibo finkoetako inbertsioak, merkatu azterlanak eta ikuskaritzak finantzatzeko laguntzak, bai lanpostuak sortzearekin eta mantentzearekin lotura handiagoa duten laguntzak.

Pertsonak hiru urteko ziklo baterako kontratatzen dituzte, eta denbora horretan lanbide bat irakasten diete merkatu arruntean beren kontura laneratu ahal diren arte. Baldintzak enpresa batetik bestera eta pertsona batetik bestera -bere egoeraren arabera- alda badaitezke ere, hiru edo lau pertsona igaro ohi dira batez beste postu beretik diruz lagundutako aldian (3 urte).

MERKATU ARRUNTA

Halaber, Eusko Jaurlaritzak 500.000 euro bideratuko ditu ezintasuna duten pertsonen enplegua merkatu arruntean sustatzera. Kontratu mugagabeek jasoko dute diru laguntza, eta lanpostuak egokitzeko, nork bere burua babesteko ekipoak hornitzeko zein era horretako pertsonen lana eragozten edo zailtzen duten barrerak eta oztopoak ezabatzeko izango dira.

Azkenik, lan ekintzailetzaren esparruan, Jaurlaritzak Lanbideren laguntzen deialdi bat onartu du langabezia prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen dutenei Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzeko. Laguntza hori 500.000 eurokoa izango da.

Laguntza lerro horrek ekintzaileari lagundu nahi dio, era horretan hazkundea eta enpleguaren sorrera bultzatzeko. Hala, bada, horretarako, langabezia prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean kobratzeko eskubidea baliatzen dutenei Gizarte Segurantzako kuotak ordainduko zaizkie. Langabezia prestazioaren %100 ordainketa bakarrean jaso duten langileek eskatu ahal izango dituzte laguntza horiek.