Eusko Jaurlaritzak 700.000 euro banatuko ditu genero indarkeriaren emakumezko biktimentzat

Actualizado: martes, 27 enero 2015 14:00
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

GASTEIZ, 27 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak genero indarkeriaren emakumezko biktimei bideratutako 2015eko laguntzen deialdia onartu du gaur, urtarrilaren 27an. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak ematen dituen laguntzen butartez, 2015ean 700.000 euro banatuko ditu Jaurlaritzak. Genero Indarkeriaren Aurkako Babes Integralerako Neurrien gaineko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitako laguntzak dira, eta errenta maila jakin bat duten genero indarkeriaren emakumezko biktimei ematen zaizkie.

   Horrela, Jaurlaritzako arduradunek azaldu dutenez, 2.556 eta 10.224 euro arteko laguntzak izango dira, kasuan kasuko emakumearen egoera pertsonal eta familiarra gorabehera. Laguntzok adinagatik, prestakuntza orokor edo espezializatu faltagatik edota bestelako gizarte arrazoiengatik lana aurkitzeko zailtasun bereziak dituzten emakumeei bideratuta daude.

   Laguntzak eskuratu ahao izateko zenbait baldintza bete behar dira. Horrela, eskaera egiterako orduan gutxienez sei hilabete eraman behar dira EAEn erroldatuta, eta eskatzaileak ezin izango du izan indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldataren %75etik gorako errentarik (hilabeteko zenbaketan), bi aparteko ordainsariren zati proportzionala kontuan izan gabe.

   Halaber, eskatzaileak lana bilatzeko zailtasun berezia izan behar du, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez egiaztatua, eta aurretik 1/2004 Lege Organikoaren gerizpean ezarritako laguntzarik jaso gabea, ez EAEn ez Estatu espainiarrean.

   Genero indarkeriaren egoera ezarritako moduan egiaztatu behar da, urtebete baino gehiago igaro gabe babes neurriak indarrean jarri zirenetik eta laguntza hau eskatu arte: genero indarkeriatzat hartzen diren egintzak zigortzen dituen epaia (biktima babesteko neurriak jaso behar dira), biktima babesteko agindua (eskabidea aurkeztean indarrean dagoena) eta, salbuespen gisa, harik eta babes agindua eman arte, salatzailea genero indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela dioen Fiskaltzaren txostena aurkeztu ahal izango dira indarkeria mota hori egon dela egiaztatzeko. Azkenik, diru laguntzaren bat jasotzeko azken baldintza erasotzailearekin ez bizitzea eta berarekin harremana amaitu izana da.

   Eusko Jaurlaritzak telefono bidezko informazio eta arreta zerbitzu espezializatu bat du genero indarkeriaren emakumezko biktimentzat. Telefono zenbakia 900 840 111 da eta 51 hizkuntzatan erantzuteko gai da. Biktimen senideek eta hurbilekoek ere dei dezakete.

   Zerbitzu honek ez ditu bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindako genero indarkeriaren emakumezko biktimak bakarrik artatzen. Era berean, beste kasu batzuei ere erantzuten diete, besteak beste, familia barruko genero indarkeria, laneko sexu jazarpena, sexu erasoak, behartutako prostituzioa eta pertsonak sexu ustiapenerako tratatzea.