Eusko Jaurlaritzak 979.200 euro onartu ditu euskara sustatzea helburu duten proiektuak laguntzeko

Actualizado: martes, 21 marzo 2017 13:25

GASTEIZ, 21 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio 2017. urtean gizarte bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edo normalizatzeko diru laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko aginduari. Deialdi honen bitartez euskalgintzaren alorrean lan egiten duten elkarte, jarduera edo proiektuak diruz lagunduko dira, eta aurten 979.200 euro banatuko dira era ezberdinetako euskararen aldeko proposamenen artean.

Iaz diru kopuru bera onartu zen eta, guztira, 134 egitasmo diruz lagundu ziren deialdiaren bitartez. Proiektu gehienak (%75 baino gehiago) esparru ez formaletan euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko egitasmoak izan ziren, bereziki aisialdian garatzen direnak, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez.

Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak bideratzen den diru laguntza deialdi nagusietako bat da, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak bideratzen du urtero eta era askotako proiektuak laguntzen dira. Hain zuzen, deialdiak zazpi multzo ezberdinetan kokatzen diren proiektuak laguntzen ditu.

A multzoan esparru ez formaletan euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko egitasmoak daude, bereziki aisialdian garatzen direnak. Haur eta gazteei zuzendutakoak lehenetsiko dira. B multzoan sartzen dira euskaraz ez dakiten euskal herritarrak eta etorkinak euskarara hurbiltzeko helburua duten jarduerak eta egitasmoak, eta C multzoan euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu dutenak.

Halaber, D multzoak euskararen ondareari buruzko informazioa jaso, gorde edota digitalizatu eta hedatzea helburu duten egitasmoak biltzen ditu. Gehienez hiru lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak. E multzoan euskarari zuzenean lotutako alderdiak aztertzea helburu duten jardunaldiak jaso dira. Gehienez zazpi egitasmo lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak.

Gainera, euskalgintzan ibilbide oparoa izateagatik nabarmendutako pertsonak edo elkarteak omentzeko egitasmoak (gehienez bi egitasmo lagunduko dira), eta euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak, irakurketa eta idazketa trebetasunak garatze aldera buruturiko jardunak, sariak, lehiaketak, idazleen eta irakurleen arteko topaketak eta literatura gidak (gehienez zazpi) ere lagunduko dira.