Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak 22 milioi euro jarriko dituzte gehienez Mendizorrotzeko lanetan

Zupiria, González, Urtaran eta Fernández de Trocóniz, Mendizorrotzan
ARABAKO ALDUNDIA
Actualizado 2018/06/14 13:46:55 CET

GASTEIZ, 14 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udala jarduketa protokolo orokorra sinatu dute ostegun honetan, Mendizorrotza futbol zelaia eraberritzeko eta handitzeko lanak finantzatzeko. Horrela, herri erakundeen ekarpenak ez du inbertsio osoaren %40 gaindituko, hots, 22.050.200 euro, eta etorkizunean emakidadun izango denak gainerako
%60 jarriko du, gutxienez. Zehazki, Gasteizko Udalak 8.183.400 euro jarriko ditu, eta Jaurlaritzak eta Arabako Aldundiak 6.933.400na euro.

Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak sinatu dute protokoloa, eta konpromisoa hartu dute, nor bere erakundea ordezkatuz, Gasteizek "estadio moderno bat" izan dezan, "kirol profesionalaren behar berriei erantzuteko gauza izango dena".

Mendizorrotzeko futbol zelaiak 19.000 ikusle inguru har ditzake. Udal instalazioa 1924an egin zen, eta zenbait eraberritze lan egin izan dira
bertan, garrantzizko azkena 1997 eta 2000 artean. Gaur egun, eta
2023ra arte, Deportivo Alaves futbol taldeak instalazioen lagapen esklusiboa dauka, eta, horregatik, bera arduratu behar da barrutia onik zaintzeaz.

Hobekuntza batzuk egin izan diren arren, futbol zelaiak egiturazko akats larriak ditu, segurtasunari eragiten ez diotenak, baina zaharberritzea eta edukiera handitzea eskatzen dutenak. Egoera horren aurrean, hiru herri erakundeek berretsi egin dute eraberritzeko lanari emandako babesa, ziur baitaude "aukera bat" izango dela "Gasteizentzat, Arabarentzat eta Euskadi osoarentzat". Horrela, "proiektu estrategikotzat" jo dute.

Munta ekonomiko handiko lana dela aintzat hartuta, eta udal izaerako instalazioa izanik, instalazioaren emakidadun izango denak ere
parte hartzea erabaki da. Horrek azaltzen du sinaturiko jarduketa protokolo, erakunde bakoitzak finantzazioa partzialean egingo duen ekarpena azaltzen baitu.

Horrela, hiru administrazio publikoen ekarpenak ez du inbertsio osoaren %40 gaindituko, hots, 22.050.200 euro, honela banatuta: 8.183.400 euro Gasteizko Udalak, eta 6.933.400na euro Arabako Aldundiak
eta Eusko Jaurlaritzak. Etorkizunean emakidadun izango denak gainerako
%60 ipiniko du, gutxienez.

POZIK

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea pozik agertu da hitzarmena lortzearekin. "Erakundeok erantzun egin diogu aurrerantzean ere udalarena izango den estadioa eraberritu beharrari, eta bakoitzaren ekarpena zehazteko gauza izan gara. Eskertu egin diet gainerako erakundeei lan garrantzitsu honen finantziazioan inplikatzea", azaldu du.

Halaber, Gasteizek "XXI. mendeko futbol profesionalari erantzuteko moduko zelai bat" merezi duela ziurtatu du, eta gaur eman den urratsak eraberritu eta handitzeko obrei ekiteko administrazioen borondatea islatzen duela. "Estadio hoberenen arteko bat izatera eramango gaituen bidearen hasiera da", gaineratu du.

Gainera, Urtaranek aurrerantzean datozen etapak aipatu ditu. Lehenik, bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioa aztertuko da, eta horren baitan daude instalazioa eraiki eta ustiatzeko aurreproiektua, eta obraren lizitazioa eta esleipena. Ondoren, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren arteko finantziazio hitzarmena sinatuko da, eta jarraian, emakidadunak lanak hasiko ditu.

LEHEN MAILAKO AZPIEGITURAK

Bestalde, Euskadin lehen mailako kirol azpiegiturak egon daitezen euskal erakundeek azken boladan egin duten apustua nabarmendu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.

"Azken urteotan euskal erakundeen arteko lankidetza bat egon da eta adostasun bat lortu dugu puntako kirol azpiegiturak bultzatzeko. Apustu horri esker, euskal taldeek beren kirol proiektuak egonkortu ahal izan dituzte mundu mailako kirol txapelketa nagusietako batzuetan eta, era berean, horrek lehen mailako ekitaldiak gurera ekartzeko aukera eman digu, bestela Euskadin nekez izango genituzkeen kirol ekitaldiak, hain zuzen", azaldui du.

Halaber, Alavesek Araba munduan ezagutarazteko duen ahalmena goratu du Ramiro González Arabako diputatu nagusiak. Bere hitzetan, "guretzat Alaves oso klub garrantzitsua da. Egun, Araba izena munduan zehar barreiatzen du. Lehen mailako klub eta taldea dugu, eta begi bistakoa da zelaia hobetu eta handitu beharra dagoela. Duela urte batzuk handitu eta hobetu egin zen, baina denboraren poderioz egiaztatu dugu zelaia eraberritu eta handitu beharra dagoela", esan du.

Era berean, gaineratu du zeregin horretan herri erakundeen lankidetzak erabateko garrantzia duela. "Erakunde guztien egitekoa da eraberritze eta handitze horretan parte hartzea. Erakundeen arteko elkarlan eredu baten aurrean gaude, gaur hasi eta Mendizorrotza berrian jokatuko den lehen partidarekin amaituko den ibilbide luze eta oparo baten aurrean", adierazi du.

Azkenik, Alfonso Fernández de Trocóniz Alaveseko presidenteak azaldu duenez, "sinatu dugun jardun protokoloak erakusten du erakunde publikoak prest daudela hein batean obren finantziazioari aurre egiteko". "Lehen urrats oso garrantzitsu bat eman dugu Mendizorrotzako estadioa eraberritu eta handitzeko prozesuan, eta horrek agerian jartzen du Arabako eta Euskal Herriko hain proiektu garrantzitsuarekiko konpromisoari dagokionez", gaineratu du.

Contador