BILBO 25 May. (EUROPA PRESS) -
Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaleta eta Osasun sailburuorde Jesus Maria Fernandez Nafarroako Gobernuaren Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria sailburu Elena Navarrorekin bildu dira ostiral honetan, iaztik Euskadin abian dagoen telelaguntza-eredu berria eta koordinazio soziosanitarioaren eremuan garatutako proiektuak aurkezteko.
Jaurlaritza gizartearen eta osasunaren eremuak antolatzeko eta garatzeko prozesuan sakontzen ari da legealdi honetan. Arreta-sare artikulatu bat lantzen ari da, pertsona guztien gizarteratzea eta autonomia ahalbidetzeko, eta teknologia berrien laguntzarekin, berrikuntzan eta gizartearen eta osasunaren arloko politiken hobekuntzan oinarritutako eredua definitzen ari da.
Hori horrela izanik, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ordezkaritzak burutzen ari diren ibilbide luzeko ekimen nagusien berri eman du. Alde batetik, BetiOn telelaguntza-zerbitzua aurkeztu du; zerbitzu horretan osasun-arloko hainbat elementu txertatu dira, hala nola ordua eskatzea eta aholku medikoa.
Bestetik, Etxean Ondo esperientzia pilotuaren ezaugarriak azaldu dizkiote Nafarroako ordezkaritzari. Esperientzia horren bitartez, desgaitasunen bat duten adinekoak beren etxean bizitzen jarraitzeko eta beren ingurunean parte hartzen jarraitzeko ahaleginak egiten dira.
Horrez gain, Etorbizi Fundazioa abian nola jarri zen ere azaldu dute. Fundazio hori ikerketa, garapena eta berrikuntza bultzatzeko sortu zen, betiere minusbaliotasuneko, kronikotasuneko, mendetasuneko eta zahartzearekin loturiko egoeretan gizarte-zerbitzuek eta osasun-zerbitzuek arreta koordinatua eta integratua emateari dagokionez.