Jaurlaritzak bere atzerriko enpresa-bulegoen eredua defendatu du Madrilen

Actualizado: miércoles, 29 febrero 2012 12:21
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak atzerriko enpresa-bulegoen bere eredua defendatu du asteazken honetan Madrilen, baina prest azaldu da Espainiako Administrazio orokorrari laguntzeko eta harekin sinergiak bilatzeko.

   Euskal ordezkaritza batek, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Kabinete, Plangintza eta Estrategiako sailburuorde Pedro Gomez Danborenea eta Nazioartekotzeko zuzendari Caty Chamorro buru direla, Nazioartekotzeko Lurralde arteko Kontseiluaren bileran parte hartu du, atzerriko espainiar inbertsioak eta merkataritza indartzeko asmoz autonomia erkidegoetako, Merkataritza Ganberetako eta CEOEko ordezkariak biltzen dituen foroan, alegia. Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministro Luis de Guindos izan da bileraren buruan.

   Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza prest azaldu da Gobernu zentralari nazioartekotze-zereginean laguntzen jarraitzeko, orain artean egin duen bezala. Izan ere, azken hiru urteetan EAEko hiru merkataritza ganberekin garatutako enpresa-misio guztietan ICEX Kanpo Merkataritzako Espainiako Institutura jo du, eta gainera, bisitatutako herrialde guztietan espainiar enbaxaden babesa izan du misioak antolatu eta garatzeko.

   Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren 16 enpresa-bulegoak -SPRI Taldearen bitartez 14 herrialdetan dihardutenak- eta 48 herrialdetan lan egiten duten 48 aholkulariak "funtsezkoak" dira nazioartekotzean, "hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak krisitik ateratzeko ezarritako lehentasunetako batean".

   Zehazkiago, ia 1.700 laguntza eskaini zizkieten iaz euskal enpresei, eta guztira 422 proiektu gauzatu zituzten 199 euskal enpresarentzat, 59 merkatutan. Datu horiek agerian uzten dute SPRI Taldearen kanpo-sarearen garrantzia eta sare hori indarrean egotearen arrazoia.

   "Gobernu zentralak proposatu du autonomia erkidego guztietako enpresa-bulegoak ICEXera biltzea, eta guk, proposamen horri erantzunez, zera planteatu dugu, gure ereduari eutsi nahi geniokeela eredu arrakastatsua delako, baina nolanahi ere Ministerioarekin hitz egiteko prest gaudela malgutasunez laguntzeko eta sinergiak bilatzeko, azken batean enpresei zerbitzu hobeak emateko, nazioartekotzearen helburuetako bat den heinean", azaldu du Pedro Gomez Danborenea sailburuordeak bileraren ostean.

KEZKA AURREKONTUAREKIN

   Bilera horretan, Eusko Jaurlaritza kezkatuta azaldu da ICEXen aurrekontua orain 15 urtekoaren antzekoa delako. Euskadik, murrizketak gorabehera, nazioartekotzearen aldeko apustua egin du, eta azken hiru urteetan egindako ahaleginaren adierazgarri da 2011n esportazioek marka hautsi zutela Euskadiko historian, guztira 20.866 milioiko transakzioak egin baitziren, ia 1.000 milioi gehiago 2008ko aurreko muga baino.

   Euskadin langabezia Espainiako batez bestekoaren erdia da, eta hori hala da, neurri handi batean, euskal Administrazioak eta enpresek ahalegin handiak egin dituztelako nazioartekotzeari begira. Gaurko bileran, zenbait erkidegok, Galiziak adibidez, eta CEOE patronalak jarrera horren aldeko babesa adierazi dute, eta, ildo horretan, aurrekontu publikoen barruan nazioartekotzeari eta I+Gari lehentasuna eman behar zaiela adierazi dute.

   Gomez Danboreneak oso begi onez ikusi du Lurralde arteko Kontseiluak egindako proposamena. Horren arabera, nazioartekotze-esperientziei buruzko katalogo integratu bat osatu behar da, "eta nazioartekotze-programak ebaluatu behar dira, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila egiten ari den bezala".

   Bernabe Undak zuzendutako Sailaren aurtengo aurrekontuetan I+G+B eta nazioartekotzea indartzea da ildo nagusia, hots, I+G+B+N deitutakoa indartzea. Atal horiek 230 milioi euroko partida dute esleituta, hau da, Sailaren aurrekontu guztiaren %60. Murriztetik urrun, aurten ere %11,8 hazi dira partida horiek. Gainera, nazioartekotze-bekak, joan den urtean ehun inguru zirenak, bostez biderkatu dira aurten. Aurrezki kutxekin gauzatu beharreko lankidetza publiko-pribatuari esker, guztira 500 beka eskaintzea aurreikusita dago 2012an.