Eusko Jaurlaritzak bi milioi euro emango dizkio Ondarroako Udalari Kamiñaldeko obrak finantzatzeko

Kamiñalden izandako luizia
bizkaiko aldundia
Actualizado: martes, 7 febrero 2017 13:30

GASTEIZ, 7 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak bi milioi euroko diru laguntza zuzena onartu du astearte honetan, Ondarroako Udalak finantza ditzan 2017an zehar Kamiñaldeko mendi hegalean ebakitako mendia egonkortzeko egiten ari diren larrialdi izaerako obrak, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri duene.

Joan den urteko otsailean, 200 milimetrotik gorako euri pilaketak mugimendu handia sortu zuen Ondarroako auzo horretan, eta lur eta arroka jausiak eragin zituen, Kamiñalde eta San Inazio kaleetako etxebizitzetara kalte larriak ekarriz. Harrezkero, larrialdi izaerako obrei ekin zaie, ebakitako mendia egonkortzeko. Konplexutasun tekniko handiko obrak dira auzotarren ondare pertsonala zaintzeko, eta horietako batzuek beren etxeak ere utzi behar izan dituzte luizi arriskuaren aurrean.

Erkorekak adierazi du Eusko Jaurlaritza jakitun dela Ondarroako Udalak nekez egin diezaiokeela aurre bakarrik obren kostuari. Gainera, interes publiko eta sozial nabariko jarduketa bat dela nabarmendu du, etxea utzi behar izan duten pertsona daudelako eta euren ondare pertsonala arriskuan dagoela. Horrela, obrak finantzatzen laguntzea erabaki du, 2017an bi milioi euro jarrita.

Gobernu Kontseiluak astearte honetan onartutako diru laguntza Eusko Jaurlaritzak 2016an zehar Ondarroako egoeraren larritasunagatik emandako laguntza bereziei gehitu zaizkie: 618.000 euro etxebizitzengatik, auzotar kaltetuei ostatu emateko; 240.000 euro gizarte zerbitzuen arloak emandako laguntzengatik; 60.000 euro luiziak kaltetutako tokiko dendei emandako laguntzengatik.