Eusko Jaurlaritzak bidaia komertziala eta instituzionala egingo du Txinara aste honetan

Actualizado: lunes, 16 enero 2017 11:36

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza batek misio komertziala eta instituzionala egingo du Txinara astelehen honetan hasita. Bidaia horretan, euskal ordezkaritza Txinan ezarpenak dituzten euskal enpresekin elkartuko da eta Batz konpainiak irekiko duen fabrika berriaren inaugurazioan parte hartuko du. Gainera, bisitak iraungo duen bost egunetan, ordezkaritzak bilerak egingo ditu Jiangsu eskualdeko Gobernuarekin eta zonalde hartako enpresa ganberarekin, hori baita Txinako handiena 170.000tik gora enpresarekin.

Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Saileko Industria sailburuorde Javier Zarraonandia, Nazioartekotzeko zuzendari Ainhoa Ondarzabal eta SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alexander Arriola buru dituen ordezkaritza astelehen honetan elkartuko da Beijingen Fagor Automation enpresarekin eta energia berriztagarrien sektoreko Gamesa enpresarekin, Txina inbertsio handiak egiten ari baita sektore horretan. Jardunaldian zehar lan mahai bat egingo da Fagor Automotion, Gamesa, Iraeta eta Hine euskal enpresekin.

Asteartean, urtarrilaren 17an, euskal ordezkaritza Zhejiang probintziara joango da, Maier enpresaren fabrika bisitatzeko. Maierrek Txinan duen bi produkzio ezarpenetako bat da, tokiko konpainia batekin joint venture baten bidez sortu duena. Fabrika horretan automoziorako barneko eta kanpoko piezak diseinatzen eta fabrikatzen dira. Arratsaldean, Urola enpresaren fabrika bisitatuko du, esneki, garbigarri eta lubrifikagarrien merkatuan lan egiten duena. Fabrika horrek ere bazkide txinatar bat du, Giant Holding, hots, jasogailu eta igogailu fabrikatzaile garrantzitsuenetako bat.

Asteazkenean, hilaren 18an, euskal ordezkaritza Jiangsu probintziara joango da, Txinan kokatutako euskal enpresa gehien dauden zonaldera. Guztira 43 ezarpen daude, bai produkziokoak eta bai merkataritzakoak. Probintzia horretan bisitatuko ditu, batetik, Copreci enpresak Kunshan hirian duen fabrika, etxeko labeentzako balbulak egiten dituena, eta, bestetik, Gestamp enpresaren trokelgintza fabrika berria: GGM Gestool China. Jardunaldia osatzeko, ordezkaritzak hitzaldi batean parte hartuko du Mondragon Taldeko zuzendaritza karguekin batera, Kunshaneko industriaparkean.

Ostegunean, urtarrilaren 19an, lan programak izaera instituzionalagoa hartuko du, ordezkaritzak Jiangsu probintziako (Euskadirekin senidetuta dagoena 2010etik) agintariak bisitatuko dituelako. Euskal ordezkariek Jiangsuko Gobernuko Kanpo Gaietako Saileko ordezkariarekin bazkalduko dute, hots, Euskadirekiko harreman instituzionalaren solaskide eta harreman komertzialaren sustatzailearekin. Topaketan Jiangsu Federation of Industry & Commerce erakundeak ere parte hartuko du; irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, gobernuaren menpe dago, Jiangsuko erakunde industrial eta komertzialek osatzen dute eta 170.000tik gora enpresa biltzen ditu.

2015eko irailean, SPRI Taldeko zuzendariak hitzarmen bat sinatu zuen erakunde horrekin, merkataritza, enpresa eta erakunde arloetako truke eta lankidetza harremanak indartzeko, enpresa harremanak sortzeko, negozio eta inbertsio bateratuak sustatzeko, lankidetza proiektuak garatzeko, enpresa eta erakundeen arteko harremanak sortzeko eta azokak, mintegiak, biltzarrak, hitzaldiak eta enpresa eta sektorekako misioak antolatzeko helburuarekin.

Osteguneko jardunaldia amaitzeko, ordezkaritzak Nanjing hirian kokatutako Huawei enpresaren zentroa bisitatuko du. Informazio eta komunikazio konponbideen arloan mundu mailako liderra den enpresa hori Zamudioko Zientzia eta Teknologia Parkean dago kokatuta.

BATZ

Bidaia ostiralean amaituko da, Batz enpresak Kunshanen irekiko duen fabrika berriaren inaugurazioarekin. Euskal konpainiak Txinan duen laugarrena da, eta horrekin osatuko da industria parke horretan estanpazio prozesuetarako duen beste fabrika. Produkzio lantegi berriak 4.200 metro koadro eraiki ditu. Iluntzean, topaketa bat egingo da Txinan kokatuta dauden euskal enpresekin.

Gaur egun, 133 euskal enpresa daude Txinan (Hong Kong eta Taiwan eskualde administratiboak barne), eta 222 ezarpen dituzte, bai produkziokoak bai merkataritzakoak. Gehienak herrialdeko kostaldean kokatuta daude, bereziki Shangain eta Jiangsun. Han dauden konpainien ia erdiak makina eta ekipo mekanikoen sektorekoak dira.

Eusko Jaurlaritza (SPRI Taldearen bitartez) Txinan izan zen 2015eko irailean, han kokatutako euskal enpresekin harremanetan jartzeko eta Jiangsu eskualdeko enpresa ganberarekin hitzarmena sinatzeko. Bidaia honek duen helburu berarekin egin zen 2015ekoa ere: bertatik bertara ezagutzea han dauden euskal enpresen egoera, jakitea zein egoera bizi duten Txinaren bilakaera ekonomikoa aldatu denetik, eta Euskadi eta Txinaren arteko harreman instituzionalak garatzen jarraitzea.