Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak hitzarmena sinatuko dute A-8an ibilgailu astunetarako kontrol-sistemak jartzeko

Actualizado: martes, 15 marzo 2011 18:08

GASTEIZ, 15 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak baimena eman du gaur izandako bileran Herrizaingo Saileko Trafiko Zuzendaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza hitzarmen bat sina dezaten, A-8 autobidean Bilbo inguruan ibilgailu astunetarako kontrol-sistemen instalazioa elkarlanean egiteko.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren (ibilgailu-zirkulazioa kudeatzeko arduraduna) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren (sistemak instalatuko diren bidearen titularra) artean dagoen kolaborazio espirituaren barnean kokatzen da akordioa, Herrizaingo Sailetik adierazi dutenez.

Hego Saihesbide Metropolitarra irekiko da laster A-8 autopistaren bide alternatibo moduan, Bilboren inguruan, eta horrek aldaketa nabarmen bat eragingo du A-8 errepidearen izaeran, Bilboko hiriarteko bide perimetrala bilakatuko baita.

Trafiko Zuzendaritzako kudeatzaileen arabera, egoera berri honek hiriburuko sarbide eta irteera trafikoari arintasun handiagoa ematearen beharra du berekin, eta horretarako, ezinbestekoa da ibilgailu astunei murrizketa zehatz batzuk ezartzea. Egun, ibilgailu astunek batez ere A-8a erabiltzen dute igarobide moduan penintsulako iparraldeko ibilbide luzeko ibilbideetan.

Azken alderdi hau bermatzeko, ibilgailu astunen zirkulazioan kontrol eragingarri bat ezarriz, beharrezkoa da A-8an ITS kontroleko sistema osagarriak instalatzea (kamerak, panelak...), kableatze optikoekin batera. Gurutzeta eta Larraskitu - Ekialdeko Aldaera loturen artean egingo dira obrak, eta amaitutakoan, Trafiko Zuzendaritzak kamioien trafikoaren jarraipena eta ordenazioa telematikoki egiteko beharrezko mekanismoak izango ditu. Lan hori Ertzaintzak errepidean egiten duen zaintzarekin osatuko da.

Hiriarteko ibilgailuen zirkulazioa kudeatzeko ardura Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzari dagokio esklusiboki EAEn. Trafiko Zuzendaritzak konpetentzia hau gauzatu du bere jarduera bide publikoen titularrekin koordinatuz. Azken hauek beharrezko azpiegituren eraikitzea baimentzeko arduradunak dira, eta A-8aren kasuan, Bizkaiko Foru Aldundiak eman du baimena. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak gaur izandako bileran baimendu du bide honetako berrikuntzak aurrera eramateko lankidetza hitzarmena.