Jaurlaritzak eta zenbait enpresek Brasilgo ordezkaritza bat hartu dute

Actualizado: viernes, 27 enero 2012 13:44
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

   Valdir Raupp senataria buru duen misio instituzional brasildar batek bilera izan du gaur, urtarrilaren 27an, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko ordezkariekin SPRIk Bilbon duen egoitzan. Bileran zehar, Brasilek datozen urteetarako eskaintzen dituen eta euskal enpresentzat interesgarri izan daitezkeen aukerak ezagutu dituzte bi alderdiek, tartean burdinbideen proiektu handi bat.

   Brasilgo ordezkaritzak Ferrovia Proiektua azaldu dio euskal ordezkaritzari. Proiektu horrek Brasilgo erdigunea eta Peruko Pazifikoko portuak lotuko ditu soja eta antzeko beste zama batzuk garraiatzeko. Burdinbide azpiegitura handi horrek 4.500 kilometroko ibilbidea izango du, hots, Bilbo eta Dakar hirien artean dagoen berbera, eta Hegoamerika osoa zeharkatuko duen burdinbide nagusia izango da.

   Horregatik, ordezkari brasildarrek interesa agertu dute proiektu horren esleipenean interesatuta leudekeen enpresa eraikitzaileak ezagutzeko, portuetako operatzaileekin harremanetan jartzeko, sektoreko industria osagarriari buruzko informazioa jasotzeko eta bertatik bertara ezagutzeko zein den euskal enpresek energia berriztagarrietako proiektuetan duten esperientzia.

   Valdir Raupp senatariarekin batera izan dira Bilbon Proiektuetarako bere aholkulari berezia, Rondonia estatuko Errepide eta Burdinbide arloko zuzendari nagusia eta bere proiektu aholkularia, Mato Grossoko Gobernuaren bi ordezkari eta lau diputatu federal.

   SPRIren egoitzan eginiko lan jardunaldian izan dira baita Cesar Gimeno, Red Ferroviaria Vasca/Euskal Trenbide Sareko presidenteordea; Javier Cruz, EuskoTreneko kontseilari delegatua; Pedro Fortea, Mafex (Burdinbideen Sektoreko Fabrikatzaile Esportatzaileen Elkartea) sektore elkarteetako zuzendaria, eta Inmaculada Ugarteche, Uniporteko zuzendaria. Bestalde, Alberto Fuldainek (Idom), Joaquin Gandariasek (Elecnor) eta Borja Zarragak (Sener) euren konpainiak aurkeztu dizkiete ordezkari brasildarrei.

   Bestalde, SPRI Taldeak Herbehereetako Finantza Ministerioko ordezkaritza baten bisita ere izan du ostiral honetan bere egoitzan. Bisitaren helburua izan da bertatik bertara ezagutzea nola kudeatu duen SPRIk bere jarduera aurrekontuen murrizketez jositako krisi garai honetan. Horrela, azaldu zaie hiru estrategia (Resiste, Lidera eta Compite) erabili direla euskal enpresa sarearen premiei erantzuteko.