Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua, elkarrekin enpresa industrialen eraldaketa digitala bultzatzeko

Arantxa Tapia eta Begoña Cristeto
IREKIA
Actualizado: viernes, 7 julio 2017 16:34

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak eta Espainiako Gobernuko Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak elkarrekin bultzatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) enpresa industrialen eraldaketa digitala, milioi erditik gorako laguntza programa baten bidez.

Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburuak eta Begoña Cristeto Industria eta ETEen idazkari nagusiak bi erakundeen arteko hitzarmena sinatu dute ostiral honetan Bilbon. Hitzarmen horren bidez 50 euskal enpresa lagunduko dira.

Hitzarmena bi programaren bidez gauzatuko da: Hada eta Activa Industria 4.0. Hada autodiagnostikorako tresna digital aurreratu bat da, eta enpresa bakoitzaren heldutasun digitala ebaluatzeko aukera emango du. Orobat, administrazio publikoek 4.0 industria sustatzeko egingo dituzten ekintzak orientatzeko balioko du.

Bestalde, Activa Industria 4.0 programaren bidez, enpresa bakoitzak aholkularitza espezializatu eta pertsonalizatua jasoko du 4.0 Industriako proiektuen ezarpenean esperientzia duten aholkularitza egiaztatuen eskutik. Programak aukera emango die enpresei egoeraren diagnostiko bat eta eraldaketa plan bat izateko. Plan horrek, bestalde, erakusketa tailerren bitartez identifikatuko ditu eraldaketa prozesurako beharrezko diren bideratzaile digitalak eta finkatuko du berau ezartzeko ibilbide orria.

Aholkularitzaren kostua enpresako 10.400 eurokoa izango da, eta programak 520.000 euroko aurrekontua izango du. Zenbateko hori hainbat erakunderen artean ordainduko da: Espainiako Gobernuak 173.500 euro jarriko ditu, Eusko Jaurlaritzak, SPRIren bitartez, 173.250 euro, eta enpresa onuradunek gainerako 173.250 euroak.

Programa aurten abiatuko da, eta izena eman dezakete egoitza soziala edo lan zentro bat Euskadin duten enpresa industrialek. Estatuko EOI fundazioak koordinatu eta kudeatuko du ekimena, eta Jaurlaritzaren zereginetako bat izango da enpresa onuradunen aukeraketan parte hartzea SPRI Taldearen bitartez.