Baztarrikak esan du helduen euskalduntzea eta euskarazko hedabideak direla Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren lehentasunak
BILBO, 22 Mar. (EUROPA PRESS) -
Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordeak iragarri du Eusko Jaurlaritzaren 2013rako Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Aurrekontuen Proiektuak euskara ikasleentzako banakako diru-laguntzak berreskuratu dituela, 700.000 eurorekin hornituz. PSE-EEk zuzendu zuen Jaurlaritzak laguntza hauek kendu zituela gogoratu du Baztarrikak: "bere arrrazoiak izango zituen".
Euskadi Irratian egin dioten eta Europa Press-ek jaso duen elkarrizketa batean, Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako arduradunak azaldu du Sailburuordetzaren lehentasunak helduen euskalduntzea eta euskarazko hedabideak izango direla legealdi honetan.
Baztarrikak nabarmendu du egungo krisi ekonomikoko egoeran, aurrekontuekin "ikuspegi errealista bat" izan behar dela, "ez dagoelako erakunderik, eta berdin da Bilduk, PPk, PSEk edo EAJk gobernatu, aurrekontu txikiagoak ez dituenik".
Bere ustez, "askoz eraginkorragoa da esatea dagoen diruarekin zer egin behar dugun", azken finean, "hori delako politika egitea, alegia, lehentasunak markatzea". "Ariketa hori eskatu digu egoera honek, eta uste dut ariketa horretan, hizkuntza politikari dagokionez, oso modu txukun eta eraginkorrean gainditu dugula", gaineratu du.
Zentzu honetan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren aurrekontuak %9,4ko "doiketa" izan duela azaldu du, eta, oro har hartuta, "aurrekontu orokorren gorabeherak gorabehera", beherapen hori "baxua" izan dela deritzo.
Helduen euskalduntzeari dagokionez, euskaltegi publikoek zein homologatuek iazko finantzazio sistema mantenduko dutela azpimarrratu du, "zero murrizketarekin"; izan ere, bere iritziz, "hau apustu garbia da gizarte hau elebidunagoa izan dadin".
"Berrikuntza bat dago, berreskuratu dugulako ikasleentzako diru-laguntza indibidualen deialdia, 700.000 eurorekin, 2012an desagertu zena. Aurreko Gobernuak bere arrazoiak izango zituen kentzeko. Diru-laguntzen deialdia izango da euskalduntze sisteman aurrerapausoak ematen dituzten ikasleentzako, erosoagoa izan dadin eta arazo ekonomikoa traba izan ez dadin euskalduntzeko. Noski, diru-laguntza hauek izango dira aurrekontu proiektua Eusko Legebiltzarrean onartzen den neurrian", azaldu du.
HEDABIDEAK
Bestalde, Patxi Baztarrikak adierazi du Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren beste lehentasuna euskarazko hedabideak direla, eta kasu honetan ere, Eusko Jaurlaritzak hedabide publiko zein pribatuen artean 2013an banatuko dituen diru-laguntzetan "zero murrizketak" izango direla ziurtatu du.
Baztarrikak azaldu du Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak ematen dituen diru-laguntza guztietatik %72, gutxi gorabehera, HABEra zuzentzen dela, helduen alfabetatze sistema publikora, alegia, eta aurrekontu-sail horrek ere 2013an "zero murrizketa" izango duela adierazi du.
Halaber, geratzen den laguntzen portzentajetik, %46 publikoak ez diren euskarazko hedabideetara bideratzen dela jakinarazi du, eta horrek ere "zero murrizketa" izango duela. "Honek esan nahi du diru-laguntza guztiek, modu batekoak eta bestekoak, orotara %3ko doiketa izan dutela. Ez dago gaizki ia %10 jaisten den aurrekontu batean", gaineratu du.
Murrizketekin euskararen normalizazioa ez dela motelduko ziurtatu du Baztarrikak, eta, bere iritziz, "oso oker ibiliko ginateke pentsatuko bagenu euskararen garapena diru kontu publikoen %10 gehiago edo gutxiagoren eskuetan dagoela".
"Are gehiago, hala balitz, ez genituzke lanak hain zailak izango. Hizkuntza baten biziberritze prozesuan faktore asko dira eragiten dutenak. Diru-laguntzak beharrezkoak dira, hizkuntza politika proaktibo bat desorekak gainditzeko ezinbestekoa da, eta hizkuntza politika horrek baliabideak behar ditu. Baina ez da hori bakarrik. Hizkuntza politika aktibo bat egiteko ere, guztia ez da dirua", ziurtatu du.
KORRIKA
Bestalde, egunotan Euskal Herria zeharkatzen ari den Korrikaren 18. edizioa ere izan du hizpide Baztarrikak, "Eman euskara elkarri" leloa, zehazki. Bere ustez, lelo horrek adierazten du "harreman eta bizikidetza orekatu baten aldeko apustua". Ildo horretan, bere esanetan, "jokoan ditugunak ez dira hainbeste hizkuntzak, bazik eta hiztunen arteko bizikidetza".
"Euskara eta gaztelaniaren arteko harremana ez da orekatua, eta harreman hori orekatua ez den neurrian, gizarte bizikidetza bera ateratzen da kaltetua. 'Eman euskara elkarri' leloak adierazten du harreman eta bizikidetza orekatu baten aldeko apustua, kontuan izanik inork ez duela ezer galtzen euskararen jabe eginik eta euskara erabiliz, baizik eta guztiok irabazten dugula, bai erabiltzen duenak, unibertso oso bat eskuratzen duelako, eta bai euskara erabili nahi duenak ere", azaldu du.
Azkenik, Baztarrikak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza politikari "praktikan zeharlerrotasuna aitortuz, esaten ari gara hizkuntza politika eta euskararen kontuan ez dela sail jakin batera mugatzen den zerbait, baizik eta Gobernu osoak bere jardueran kontuan hartu behar duen zerbait dela".