Jaurlaritzak FM-ko 34 lizentzia emango ditu, 11 euskara hutsezko emisorentzat

Actualizado: martes, 28 febrero 2012 14:33
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

GASTEIZ, 28 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) frekuentzia-modulazioko (FM) uhin metrikoen bidezko irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintzeko lizentziak emateko lehiaketa publikoaren oinarriak onartu ditu. Guztira 34 lizentzia emango dira, eta horietatik 11 euskara hutsezko programazioa eskainiko duten emisorentzat izango dira.

   Onartu diren oinarriek Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) FM-ko uhin metrikoen bidezko irrati-komunikazioko zerbitzuak eskainiko duten 34 lizentziak emateko lehiaketa publikoaren araubide juridikoa ezarriko dute. Deialdiko maiztasunak EAEn erabilgarri daudenak dira, hau da, 964/2006 Errege Dekretuak onarturiko maiztasun-modulazioko uhin metrikoetako irratidifusio soinudunaren Espainiako plan tekniko nazionalak emandako planifikazioak ezartzen dituenak.

   Horrela, EAEn erabilgarri dauden maiztasunak honako hauek dira: hamar Gasteizen, sei Bilbon, bost Donostian, lau Getxon (Bizkaia), hiru Beasainen (Gipuzkoa), bi Legazpin (Gipuzkoa), bi Durangaldean (Bizkaia), bat Azkoitian (Gipuzkoa) eta beste bat Gernikan (Bizkaia). Modu honetan, hamar daude Araban, 13 Bizkaian eta 11 Gipuzkoan.

EUSKARAZ

   Bestalde, 231/2011 Dekretuak xedatutakoari jarraikiz, 11 lizentzia gorde dira euskara hutsez emititzen dutenentzat (bi Bilbon, bat Durangon, bat Getxon, bat Beasainen, bi Donostian, bat Legazpin eta hiru Gasteizen). Ekimen horren bidez, euskarazko espazio berri bat sortu nahi da ikus-entzunezkoen eremuan, euskara dakiten herritar gero eta gehiagori zerbitzu bat emateko eta hizkuntza bietako hedabide pribatuen presentzia bermatzeko Euskadiko eskualde guztietan.

   Erreserba honi atxiki ahal izateko, ezinbestekoa izango da emisio-hizkuntza bakarra euskara izatea. Musikan espezializatutako emisoren kasuan, erreserba horri atxiki ahal izateko, bermatu beharko dute abestutako musikaren programazioan gutxienez %25 euskaraz interpretatutakoa dela. Portzentaje hori honako ordutegi honetan errespetatu beharko da beti: 7:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

   Interesdunek 30 egun naturaleko epea izango dute beren eskaintzak aurkezteko, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatuta.