Jaurlaritzak "harreman zuzena eta iraunkorra" eskaini dio Arabako Errioxako mahastigintza eta ardogintza sektoreari

Actualizado: viernes, 18 enero 2013 15:11

GASTEIZ, 18 Ene. (EUROPA PRESS) -

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Lehiakortasuneko sailburua eta Bittor Oroz Nekazaritzako eta Arrantzako sailburuordea Arabako Errioxako mahastigintza eta ardogintza sektoreko ordezkariekin bildu dira ostiral honetan, Guardiako Kuadrilaren egoitzan, eta Jaurlaritzako ordezkariek "harreman zuzena eta iraunkorra" eskaini die sektoreko arduradunei.

Guardiako Kuadrilako lehendakari Jokin Villanuevak zuzendu du lan-saioa eta Arabako Errioxako ardoaren ekoizpen eta merkaturatze sektoreko hainbat elkarteko dozena bat ordezkari mintzatu dira, hala nola Arabako Nekazarien Elkartekoak, DOLAREkoak, Arabako Errioxako Upategien Elkartekoak, ARAEXekoak, SEA-Bodegas elkartekoak eta Grupo Rioja taldeko Arabako upategietakoak.

Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko arduradun berriak aurkezteko ez ezik, mahastigintza eta ardogintza sektorearekin "elkarrizketa-bide zuzena eta iraunkorra" irekitzeko ere balio izan du bilerak, "erabakigarri" jotzen baitute sektore hori bi aldeek Arabako Errioxaren ekonomia garapenerako.

Bertaratu diren elkarteetako ordezkariek beren kezkak azaldu dituzte eta Jaurlaritzaren babesa eskatu dute esku artean dituzten zenbait auziren aurrean, besteak beste, Europar Batasunetik datozen landaketak liberalizatzearen aldeko araudien joera, mahats zuri landaketa berriak eta Arabako Errioxaren eta bere jatorri-deituraren egoera.

Mahatsaren eta ardoaren ekoizpenari eta merkaturatzeari estu lotutako gai horiek ez ezik, gogoratu dute garrantzi handikoak direla, orobat, Arabako Errioxaren plan estrategikoan olio sektorearen jarduera eta Arabako eskualde honetan turismoa bultzatzeko ekintzak ere. Eusko Jaurlaritzak hitz eman du sektorearen interesak aldezteko baliagarri diren foro guztietan hartuko duela parte.