Javier Agirre izendatu dute Ihobe sozietate publikoaren zuzendari

Javier Agirre
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: martes, 19 marzo 2013 13:03

BILBO, 19 Mar. (EUROPA PRESS) -

Javier Agirre Orcajo izango da aurrerantzean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Plangintza Sailaren mendeko Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren zuzendaria.

Agirre geologoa da eta ingurumen ingeniaritzako master bat ere badu. 50 urte ditu, ezkonduta dago eta alaba bat du. Orain artean, URA Uraren Euskal Agentziako Bizkaiko baimenen eta emakiden arduraduna zen, eta Mendebaldeko Kantaurialdeko Arroen Bulegoan egiten zuen lan.

Ihobeko zuzendari berriak 25 urteko eskarmentua du euskal administrazioan, ingurumen kudeaketako erantzukizun lanpostuetan aritu baita denbora horretan guztian. Hondakinei buruzko hainbat lan argitaratu ditu Agirrek, eta ingurumen kudeaketako zenbait masterretan arduradun eta txostengilea ere izan da.

Eusko Jaurlaritzatik adierazi dutenez, Agirre Euskadi ingurumen arloan Europako eskualdeen buruan kokatu duten hainbat ekimenetako partaide izan da azken urteetan. 'Prestige' petrolio-ontzia hondoratzeak eragindako krisia kudeatzen egin zuen lanari esker, adibidez, petroliotik eratorritako 20.000 tona galipot edo txapapote inguru zuzen birziklatu ahal izan ziren.