Jazzber jaialdiak lau talderen emanaldiak eskainiko ditu Bermeon datorren astean

Publicado: sábado, 24 junio 2017 14:30

BILBO, 24 Jun. (EUROPA PRESS) -

Bermeoko XX. Jazzaldiak lau kontzertu eskainiko ditu ekainaren 27tik 30era bitartean: Jizz Jazz & Lagunak, Leo Minax & Mistoquente, Malstrom eta Claudio Jr de Rosa Jazz 4tet. Kontzertu guztiak Kafe Antzokian izango dira, 20:30ean, eta sarrera doan izango da.

Jazzber jaialdia Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz Kultur Taldeak antolatzen dute, eta Bizkaiko Foru Aldundia, Oizmendi Telebista eta Itsuki Irratia laguntzaileak dira.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, Jazzber datorren asteartean hasiko da, ekainaren 27an, Jizz Jazz & Lagunak taldeak eskainiko duen kontzertuarekin. Jizz Jazz Bermeoko musika eta kultur taldearen 30 urteak ospatuko dira emanaldian, eta Kafe Antzokiko agertokian batuko dira azken urteetan taldeko partaide izan diren musikari batzuk.

Asteazkenean, ekainaren 28an, Leo Minax & Mistoquente talde brasildarraren txanda izango da. "Soinu akustikoaren, bat batekotasunaren eta askatasunaren aldeko apustua" egiten du Madrilen bizi den abeslari brasildarrak. Bere sentiberatasuna islatzen du bere sei diskoetan, eta "Trinta" izeneko azken lana aurkeztuko du Bermeon.

Halaber, freejazz, esperimental, heavy metal, rock eta erritmo korapilatsua erakutsiko ditu Malstrom hirukoteak ostegunean, ekainaren 29an. Taldea estiloari dagokionez sailkatzea zaila da, ez baita oso ohikoa. Gitarrak, saxofoiak eta bateriak osatzen dute Malstrom, eta "gaur eguneko jazzaren aukerei buruzko ikuspegi indartsua eskaintzen du".

Bukatzeko, Claudio Jr de Rosa Jazz 4tet taldeakk eskainiko du jazzaldiaren azken kontzertua ostiralean, ekainaren 30ean. De Rosa musikagile, moldatzaile eta saxofonistak nazioarteko hainbat sari irabazi ditu. 2016an sortu zuen bandarekin, berak sorturiko doinuak eta estandarrak eskainiko ditu Bermeon.