Joan Martí ohorezko euskaltzainak Akademiaren diploma eta domina jaso ditu

Martí diploma jasotzen
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 19 diciembre 2014 17:11

DONOSTIA, 19 Dic. (EUROPA PRESS) -

Joan Martí i Castell ohorezko euskaltzainak Akademiaren ikurra eta diploma jaso ditu Donostian ostiral honetan, Luis Villasante Euskararen Ikergunean egin den ekitaldian. Martík esker oneko hitzak izan ditu eta Euskaltzaindiaren eta Institut d'Estudis Catalans erakundearen barruan dagoen Secció Filològicaren arteko elkarlana eta loturak sendotzearen alde mintzatu da.

"Egin dezakegu eta egingo dugu euskaren eta katalanaren mesedetan; hori, gainera, euskal gizartearen eta gizarte katalanaren aldeko lana egitea da. Eta hori, unibertso linguistiko osoaren mesedetan aritzea ere bada", esan du.

2014ko maiatzaren 30ean, Euskaltzaindiak Donostian egin zuen osoko bilkuran, 12 ohorezko euskaltzain berri izendatu zituen: Paulo Agirrebaltzategi, Angel Aintziburu, Dionisio Amundarain, Xabier Amuriza, Xipri Arbelbide, Antonio Campos, Maite Idirin, Mixel Itzaina, Jon Landaburu, Joan Martí, Martin Orbe eta Manu Ruiz Urrestarazu.

Guztiek jaso zuten diploma uztailaren 18an, Bilbon eginiko ekitaldian, Joan Martík izan ezik, orduko hartan ez zuen-eta joaterik izan. Hortaz, ostiral honetan izan da Luis Villasante Euskararen Ikergunean eta, gainerako euskaltzainak bertan zirela, diploma eta ikurra jaso ditu, Andres Urrutia euskaltzainburuaren eskutik.

Urrutiak ere bi erakundeon arteko elkarlana indartzearen alde hitz egin du eta, Euskaltzaindiari dagokionez, "gure hizkuntza eta gure kulturaren alde lan egiten duen akademia gara gu; eta bai, Joan Martík esan duenez, gero eta indartsuago izan behar gara, euskal gizartean aldeko zerbitzua baita guk egiten duguna". Rafa Rueda kantariak hiru kanta eskaini ditu ekitaldian zehar.

SECCIÓ FILOLÒGICA

Joan Martí i Castell ohorezko euskaltzainak azaldu duenez, Institut d'Estudis Catalans (IEC) 1907an sortu zen, Enric Prat de la Riba Kataluniako Mancomunitateko presidentearen ekimenez. Hasiera batean, akademien Akademia Nazionala izaera eman nahi izan zioten. Sail bakarra zuela, Secció Històrico-Arqueològica, abian jarri zen. 1911n, Secció Filològica eta Secció de Ciències sortu zituzten. Gaur egun, bost sail ditu: Secció Històrico-Arqueològica, Secció Filològica, Secció de Ciències Biològiques, Secció de Ciències i Tecnologia eta Secció de Filosofia i Ciències Socials.

Jakina denez, Secció Filològica hizkuntza katalanaz arduratzen den erakunde araugilea da, Euskaltzaindiaren parekoa. Katalan hizkuntzaren lurralde osoa aintzat hartzen du -Katalunia, Balear Uharteak, Valentziako Autonomia Erkidegoa eta Ponenteko zerrenda- eta hiru arlo nagusitan egiten du bere lana: katalan hizkuntzari buruzko ikerlanak egiten ditu; hizkuntzaren kodifikazioa ezarri eta gainbegiratzen du; eta hizkuntza bera babestu eta zaintzen du.

Hiztegigintza eta Gramatika arloetan oso lan sendoak dituztela esan du Martik, "Pompeu Fabrak gidatu zuen kodifikazio lanari esker". Diccionari de la llengua catalanaren bigarren edizioa argitaratu dute eta 2015ean Gramatika instituzionalaren bigarren edizioak ikusiko du argia.

Araugintzari dagokionez, lau atal bereizten ditu Secció Filològicak: hizkuntza estandarra; neologismoen sortze lana, Neologia Behatokiaren bidez; terminologia, Terminologiaren Zentroaren bitartez; eta toponimia eta antroponimia. Lau arlo horietako emaitzek beste horrenbeste mailatan dute isla: ortografian, gramatikan, lexikografian eta onomastikan.

Bestalde, Secció Filològica lanean ari da munta handiko hainbat egitasmotan, besteak beste: Diccionari del Català Contemporani o Diccionari descriptiu de la llengua catalana, Atles lingüístic del domini català, Glossarium Mediae Latinitatis Cataloniae edota Pomeu Fabraren lan guztien edizio kritikoa.