Joaquin Chacon Triok "Promenade" aurkeztuko du 365 Jazz Bilbao zikloan

Joaquin Chacon gitarrista
365 JAZZ BILBAO
Actualizado: jueves, 7 marzo 2013 13:02

BILBO, 7 Mar. (EUROPA PRESS) -

Joaquin Chacon Trio hirukoteak "Promenade" diskoaren aurkezpena egingo du martxoaren 15ean eta 16an Villa de Bilbao hotelean, Bilbao 700 Fundazioak antolatzen duen 365 Jazz Bilbao zikloaren baitan. Bi emanaldiak gaueko 23:00etan hasiko dira, antolakuntzak jakinarazi duenez.

"Promenade" Joaquin Chaconen bederatzigarren diskoa da lider moduan, eta bertan, jazz musikaren interpretazioaren ezaugarri diren "komunikazioa eta elkarrekintza" lortu ditu. Bederatzi pieza ditu lanak; horietako sei Chaconek berak idatzi ditu, eta gainerako hirurak, berriz, Hoagy Carmichael-en "How little we know", Jay Livingston-en "Never let me go" eta R. Freed/B. Lane-n "How about you" dira.

Artista madrildarraren gidaritzapean, Gonzalo Tejada kontrabaxu-jotzaileak eta Jo Krause bateria-jotzaileak osatzen dute hirukotea. Hiru musikariek lehenago ere jardun izan dute elkarrekin zuzeneko emanaldietan, baina hau izan da diskoa elkarrekin grabatu duten lehen aldia.

Chaconek adierazi duenez, "urte askotako harremana da, egunean egunekoa. Musikariok instrumentuen bidez, sentitzen duguna adierazteko zortea dugu eta horrek zirrara onuragarria eragiten dizu barruan". Gaur egun, Chaconek proiektu pertsonalak, irakaskuntza Musikenen eta beste talde batzuetan egiten duen lana uztartzen ditu.

365 Jazz Bilbao zikloaren barruan, Bilbao 700 Fundazioak jazz musikaren programazioa finkatu nahi du ostiraletan eta larunbatetan NH Villa de Bilbao, Hesperia Bilbao Campo Volantin eta Silken Indautxu hoteletan. Kontzertuok doakoak izaten dira, eta edari bat hartzeak kontzertua entzuteko eskubidea ematen du.