Joaquin Fuentes psikiatrak jasoko du 2014ko Urrezko Danborra

Joaquin Fuentes
Foto: DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: martes, 7 enero 2014 13:35

DONOSTIA, 7 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Udalak Joaquin Fuentes mediku, psikiatra eta autismoan adituari emango dio aurten Urrezko Danborra. Donostia Turismoko administrazio kontseilua goiz honetan elkartu da eta gehiengo zabal batez adostu du izendapena. Urrezko Danborra San Sebastian Egunean emango da, 12:00etan Udalbatzan egiten den ekitaldian.

   Bezperan, berriz, Hiritar Merezimenduaren Dominak banatuko dira. Donostiaren alde eginiko lanaren onurak goraipatzeko, honako lagun eta erakunde hauek sarituko dira aurten: Angel Garcia Ronda, Daniel Zulaika, Vicenta Benitez -ume sahararrak ekartzen dituzten familien izenean-, Erroak Sartu Donostia Elkartea eta Itxaropenaren Telefonoa Elkartea. Aste honetan egingo den udalbatzan berretsiko dira sarituak.

   Joaquin Fuentes Biggi Donostian jaio zen, eta Medikuntza eta Kirurgia ikasketak egin zituen Zaragozako Unibertsitatean. Ondoren, Gipuzkoa Ospitalean jardun ostean, Psikiatriako espezializazioa egin zuen New Yorkeko Albany Medical Center/Albany Medical College ikastetxean, eta haur eta gazte psikiatriako azpiespezialitatea Pittsburgheko Unibertsitateko Western Psychiatric Institute & Clinic ikastegian.

   Gaur egun Gipuzkoako Poliklinikako Haurrentzako eta Gazteentzako Psikiatria Zerbitzuko burua da, eta, azken hiru hamarkadetan, parte hartze erabakigarria izan du Gautena ekimenaren garapenean; Gipuzkoan autismoa duten pertsonei arreta emateko ekimen komunitario horren programen aholkulari zientifikoa da.

   Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE), Espainiako Estatuaren eta Europar Batasunaren mailako hainbat berrikuntza eta ikerketa proiektutan hartu du parte, batik bat autismoaren arloko hautemate goiztiarraren, genetikaren eta teknologia berrien esparruan eta sendagai bidezko saiakuntza klinikoen esparruan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Bereziko Batzordeko kide izan zen, bai eta Autismorako Landa Azterketako kide, DSM-IVan, eta Estatu Batuetako Yaleko Unibertsitateko Haurren Osasun Mentaleko Nazioarteko Programako kide ere.

   Haur Psikiatriako Munduko Elkarteko presidenteordea da, eta American Academy of Child & Adolescent Psychiatry akademiaren presidente mailako ekimenaren batzorderako hautatu dute -Ipar Amerikako 8.500 espezialista biltzen ditu akademia horrek-.

IMFAR 2013

   2013an, Donostia IMFAR 2013 (International Meeting for Autism Research) Autismoaren arloko Ikerketako Nazioarteko Biltzarraren egoitza izan zedin lortu zuen. Hirira autismoaren arloko mundu osoko 1.800 zientzialari eta aditu baino gehiago erakarri zituen, eta horiekin batera beste 400 laguntzaile etorri ziren. Biltzarraren presidente izan zen.

   Mundu osoko zenbait milioi pertsonek jarraitu zuten biltzarra internet bidez, eta egun horietan hiria autismoaren arloko ikerketaren munduko hiriburu bihurtu zen. Gainera, biltzar hori ordura arte AEBetan egin zen ia beti (behin Londresen egin zen), eta hortaz, anglosaxoia ez zen hiri batean egin zen lehen aldiz, Fuentes doktorearen ospe profesional handiari eta haren ahaleginari esker.

   Joaquin Fuentes izango da 2016an egingo den Espainiako Haur Psikiatriako Biltzarreko presidentea, eta ahaleginak egiten ari da data horietan bertan AACAP (American Academy of Child and Adolescent Psychiatry) Haur eta Nerabe Psikiatriako Ameriketako Akademia Donostiara ere ekartzeko. Biltzar hori ez da inoiz AEBetatik irten eta, IMFAR biltzarraren arrakastari esker eta parte hartzaile guztiek adierazitako hiriaren erakargarritasunari esker, lehen aldia izango litzateke AEBetako mugez kanpo egiten. Era berean, 2018an Arreta Faltari eta Hiperaktibitateari buruzko Europako Biltzarra egiteko hautagaia da, eta biltzar horretan ere 2.000 biltzarkide bertaratzea aurreikusi da.

HAUR PSIKIATRIAREN ZENTRO

   Biltzarren eta zientziaren arloko jarduera horrek guztiak, Donostia bihurtu du haur psikiatriaren zentro, eta modu aktiboan eta nabarmenean laguntzen du hiriaren kanpo irudi positiboan eta erakargarrian. Izan ere, hiriaren ahalmen turistikoa areagotzen da, hiria kanpoan ezagutarazten da, hiriaren kanpo proiekzioa sendotzen da, eta beste herrialde, hiri, erakunde eta pertsona batzuekiko adiskidetasun eta ezagutza loturak sustatzen dira.

   Dagokion esparru zientifikoan, Joaquin Fuentesek aholkularitza lanak egiten ditu Autism Europe erakundearentzat, eta zientifikoki koordinatu du Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioaren Carlos III Osasun Institutuko Espektro Autistaren Nahasmenduen Azterketa Taldea.

   Haur eta Gazte Psikiatriako Munduko Elkartearen Zuzendaritza Batzordeko kide da, bai eta Haur eta Nerabe Psikiatriako Ipar Ameriketako Akademiaren Programen Batzordeko kide ere. Erresuma Batuan argitaratzen den 'Autism' aldizkariko editore elkartu da, bai eta AEBetako 'Journal of Autism and Developmental Disorders' aldizkariko eta Espainiako 'Siglo Cero' aldizkariko argitalpen kontseiluko kide ere.

   Donald J. Cohen Fellowship Program for International Scholars in Child Mental Health programaren baterako koordinatzailea da, eta berriki landu den Autism Europe erakundearen Autismoaren Europako Deskribapenaren koordinatzaile izan da.

   2013an, hitzaldiak eman ditu Yale eta Harvard Unibertsitateetan, Budapesteko Autismoari buruzko Biltzarraren eta Dublingo Haur Psikiatriako Europako Biltzarraren irekiera ekitaldietako hizlaria izan da, ikastaroak eman ditu Estatuko hainbat hiriburutan, Vienan eta Kopenhagen eta abar. Berriki, Uruguain izan da Haur Psikiatriako Latinoamerikako Federazioaren (FLAPIA) gonbidatu berezi gisa.

   Leku guztietan, eta prestakuntza eskaintzera edo hitzaldiak ematera gonbidatu duten beste 30 herrialde baino gehiagotan, beti egiten du Donostiaren aipamen zehatza, bere lan eta gizarte zeregina garatzen duen hiria den aldetik.

   Bestalde, Donald J. Cohen Fellowship International Program programaren baterako koordinatzailea ere bada. Programa horretan mundu osoko 300 gazte inguru espezializatu dira (gehienak garapen bidean diren herrialdeetakoak) eta programa horren hurrengo ekitaldia uda honetan Hego Afrikan izango da.

   Halaber, 2013ko ekainean, urtero bezalaxe, eta hainbat urtetatik hona, Donostian egingo du Estatuko haur psikiatrentzako ikastaroa -ikastaro horretan, espezialitate horretako atzerriko guruetako batek hartzen du parte-.

   Gizarte esparruan, nabarmendu behar da e-Mintza aplikazioaren sortzailea dela. Hitz egin ezin duten haurrei zuzendutako aplikazio horrek arrakasta itzela izan du mundu osoan, 101 herrialdetako 50.000 pertsonek deskargatu dute, eta berriki egin da iPad eta mini-iPad tresnetarako aplikazioa, beti dohainik eta euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez.