John Hiatt & The Combo Bilboko Kafe Antzokian izango dira uztailean

John Hiatt
Foto: KAFE ANTZOKIA
Actualizado: viernes, 5 junio 2015 13:58

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

   John Hiatt & The Combo talde estatubatuarrak kontzertua eskainiko du Bilboko Kafe Antzokian uztailaren 2an, aurretik Anje Duhalde Arrangoitzeko musikari eta kantaria ariko delarik. Sarrerak salgai daude 35 euroko prezioan, Kafe Antzokian eta www.kafeantzokia.com, www.ticketea.com webguneetan aurretik erosiz gero; kontzertuaren egunean sarrerak 40 euro balioko du. Ateak eta txarteldegia 20:30ean irekiko dira, Kafe Antzokiko arduradunek jakinarazi dutenez.

   John Hiatt eragin handia daukan eta begirune handia jasotzen duen AEBetako rock kantautoreetako bat da. Gitarrista eta pianista izugarria da, ahots zoragarriarekin, eta eszenan "magnetismoz beteriko presentzia" dauka, "handiek baino ez duten xalotasunaz gain".

   Bob Dylan, Willy De Ville, Linda Ronstadt, Bonnie Raitt, B.B. King, Eric Clapton, Willie Nelson, Joan Baez, Buddy Guy, Emmylou Harris, Nick Lowe, Aaron Neville eta Joe Cocker moduko artistek bertsionatu dituzte Hiatten abestiak.

   Oraingoan, "Terms of my surrender" azken diskoa aurkeztuko du Bilbon, estudioko bere 22. lana. John Hiatt (ahots nagusia eta gitarra), Doug Lancio (gitarra, banjoa eta mandolina), Nathan Gehri (baxua) eta Kenneth Blevins (bateria eta ahotsa) da Kafe Antzokian izango den banda.

   Gaua irekitzen Anje Duhalde Arrangoitzeko musikaria ariko da. Fuego taldean hasi, 1970eko hamarkadan Errobi talde mitikoa sortu Mixel Ducau gitarristarekin, eta Akelarre plaza taldean ere zenbait urte igaro ostean, bakarkako ibilbide emankorrari ekin zion. AEBetako folk, blues eta rock doinuak eta euskal tradizioa uztartzen jakin du beti.