Jon Arretxeren "7 kolore" liburua pintura, eskultura eta musika batzen dituen disko-liburua bilakatu da

Actualizado: miércoles, 23 febrero 2011 13:48

BILBO, 23 Feb. (EUROPA PRESS) -

Jon Arretxe basauritarraren "7 kolore" liburuaren berrargitalpena aurkeztuko da bihar, arratsaldeko 19:30etan, Bilboko Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoan. Arretxeren testuekin batera, Francisco Ibañezen musika eta Cristina Fernandezen marrazkiak ere biltzen ditu berrargitalpenak. Arretxek duela hamar urte idatzi zuen liburuaren berrargitalpen "zabalago eta osatuagoa" da, pintura, eskultura eta musika batzen dituen diziplina anitzeko lana bilakatu baita.

Aurkezpena, munduko txoko askotako argazkiak, marrazkiak, zuzeneko irakurketak eta zuzeneko musika eta abestiak nahasten dituen ikus-entzunezko ikuskizuna izango da. Hari gidaria "7 kolore" disko-liburua da, idazlearen, Francisco Ibañez konpositorearen eta Cristina Fernandez marrazkilariaren elkarren arteko lanetik sortutako lana.

Testuek, idazle basauritarrak munduan zehar egin dituen bidaietan bizi izandako esperientzia berezienak jasotzen dituzte, eta koloreen arabera sailkatzen dira, kapitulu bakoitzean sentimendu desberdinekin jolastuz: grisa eta tristura, berdea eta itxaropena, gorria eta beldurra, urdina eta harmonia.

Marrazkilariak kolorez eta marrazkiz apaindu du kapitulu bakoitza, eta Francisco Ibañezek ahotserako eta pianorako lan bat egin du kapitulu bakoitzerako. Lan horiek Iñaki Belasko piano-jotzaileak, Olatz Saitua sopranoak, Enrique Campos tenoreak eta Jon Arretxe idazleak berak -baxua- interpretatuko dituzte.

Jon Arretxek bizikletaz zeharkatu du Sahara, Marokotik, Algeriatik eta Malitik, Niger ibaira heldu arte; Mato Grosson (Amazonia) ere ibili da; "Karakorumeko ibilbidea" egin du (5.000 metrotik gorako altueran India, Pakistan eta Txina hartzen dituen errepidea) eta beste hainbat herrialde ere bisitatu ditu, Indonesia eta Nepal, besteak beste.

Egileak ahalegina egin du leku horietan guztietan bizi diren eta hemengo ikuspegitik atzeratuta daudela diruditen arren, Mendebaldeko pertsonei bizitzari buruz gehien erakusteko gai diren herrialdeek gordetzen duten antzinako jakituriatik interesgarriena ateratzeko. Hori guztia, zentzumenentzako bidaia proposatzen duen "7 kolore" lanean biltzen da.

Basaurin (Bizkaia) 1963an jaiotako Jon Arretxe Euskal Filologian doktorea eta Heziketa Fisikoan lizentziatua da. Literaturaren alorrean hainbat generotako 20 liburu inguru idatzi ditu, hala nola bidaietako literatura, eleberri beltza, umorezko edo beldurrezko narrazioak. Ia liburu guztiak behin baino gehiagotan argitaratu dira.