Jon Kortazarren inguruko erakusketa antolatu du Mungiako Udalak

Actualizado: jueves, 26 febrero 2015 17:01

BILBO, 26 Feb. (EUROPA PRESS) -

Jon Kortazarren "literatura vasca. siglo xx" liburuak 25 urte bete ditu eta, urteurren horren harira, Mungiako Udalak (Bizkai) idazle, irakasle eta euskaltzain urgazlearen lana eta ibilbidearen inguruko erakusketa antolatu du, herriko Alkartasuna Aretoan. Martxoaren 4ra arte egongo da zabalik, Euskaltzaindiko iturriek jakinarazi dutenez.

Erakusketaren osagarri, ostegun honetan, otsailaren 26an, "Euskal Literatura: atzo, gaur... bihar" izenburuko mahai ingurua egingo da leku berean, iluntzeko 19:00etan. Xabier Etxaniz Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Kirmen Uribe idazleak eta Jon Kortazarrek berak parte hartuko dute.

1990ean ikusi zuen argia Jon Kortazarren "Literatura Vasca. Siglo XX" liburuak eta, hamar urte geroago, 2000n, edizio zabalago eta eguneratuagoa argitaratu zuen, euskaraz, "XX. mendeko euskal literatura" izenarekin. Ondoren bost edizio gehiago izan ditu liburuak.

Erakusketan, liburuaren sei edizioen aleak erakusten dira. Era berean, liburu hori ardatz harturik, Jon Kortazarren lanaren beste alderdi batzuk izango dira ikusgai, bestak beste, lanak izan zituen kritikak, beste liburu batzuen aipamenak, itzulpenak, edota idazleak irabazitako Rosalía de Castro eta Lauaxeta Sarien ikurrak.

Lauaxetari buruz egindako ikerketek eta argitalpenek, eta argazkiek eta oroigarriek ere osatzen dute erakusketa. Bestalde, "Lauaxeta" filma eta zenbait bideo izango dira ikusgai. Erakusketaren ordutegia 18:30etik 20:30era da.