Jorge Cortes Izal eta Xabier Lete izan ditu gogoan Euskaltzaindiak

Atxaga, Leteren testua irakurtzen
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 28 enero 2011 16:51

DONOSTIA, 28 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskaltzaindiak ageriko bilkura egin du gaur Gipuzkoako Foru Aldundian, Donostian, eta Jorge Cortes Izalen eta Xabier Leteren omenezko hilberri-txostenak irakurri dituzte bertan.

Jorge Cortes Izal (1930-2010) euskaltzain urgazleari dagokionez, Sagrario Alemanek irakurri du Patxi Zabaletak eginiko testua. Ikastolen mugimenduaren bultzatzaile handienetarikoa izan zen Jorge Cortes Nafarroan, etengabeko lan isila eginez. Euskalerria Irratiaren sortzaileetarikoa ere izan zen.

Bestalde, Xabier Lete (1944-2010) ohorezko euskaltzainaren omenezko txostena Jose Angel Irigarai ohorezko euskaltzainak irakurri du. Idazle, poeta eta kantaria, Ez Dok Amairu taldeko kide izan zen Lete. Bederatzi disko kaleratu zituen, eta zazpi olerki liburu, azkena "Egunsentiaren Esku Izoztuak" izenekoa.

Txostena irakurtzeaz gain, Jose Angel Irigaraik Leteren poema batzuk irakurri ditu, Joxan Goikoetxearen musikak lagunduta. Bernardo Atxagak ere parte hartu du omenaldian, eta bere testu bat irakurri du.