Jose Ortuzar Atxirika erbestean zendu zan herriko alkateari egingo dio omenaldia Foruko Udalak

Publicado: viernes, 16 marzo 2018 14:52

BILBO, 16 Mar. (EUROPA PRESS) -

Foruko Udalak diktadura frankistaren aurretik herriko alkatea izan zen Jose Ortuzar Atxirikari egingo dio omenaldia. Honen jaiotzaren 120. urteurrena dela eta, datorren martxoaren 25ean igandean, omenaldi-ekitaldia burutuko da, herriko garapenean berak izan eban papera goraipatzeko, Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

"Gerrak gogor jo zuen Forun, baita errepresioa eta gerraosteak ere", esan du Mikel Magunazelaiak, Foruko Udalaren zinegotziak. "Herriak lan asko egin ondoren aurrera egin zuen. Omenaldi honen bitartez, Jose Ortuzarrek eta bere familiak egin zuten sakrifizioa eskertu nahi izango genuke, beste hainbeste forutarrekin batera, euren ideiak defendatzeagatik hil edota guztia galdu zutelako. Aurrera jarraitzeko izan zuten adorea eskertu eta euren oroitzapena bizirik mantentzeko modu bat da hau". "Memori historikaren berreskurapena da geure lana, gazteek eta herriko etorkizuneko belaunaldiek sasoi gogor hareetan gertatutakoa ezagutzeko eta kontzientziatzeko", gehitu du Magunazelaiak.

Jose Ortuzar Atxirikari egingo den omenaldia datorren igandean, martxoaren 25ean izango da, Foruko Udalbatza-aretoan, eguerdiko 12:00etan. Bertan, diktadura frankistaren aurretik herriko alkatea izan zan Jose Ortuzar Atxirika forutarraren omenezko oroitzapenezko plaka bat inauguratuko da ekitaldian.

Jose Ortuzar Atxirika 1898. urteko martxoaren 20an jaio zen Foruko Urkieta baserrian. Antonio Ortuzar eta Lorenzo Atxirikaren semea, Oñatiko Arantzazuko Santutegi frantziskotarren fraile ikasketak egin zituen. Jose Ortuzar Felicia Zubiagarekin ezkondu eta lau seme-alaba izan zuten.

Euzko Alderdi Jeltzalearen kidea Bigarren Errepublika garaian, 1933ko apirialren 23ko udal hauteskudeetan, Foruko herriak alkate hautatu zuen. Foruko Alkate bezala Gasteizen izan zen Euskal Estatutaren aldeko babesa ematen. Gerra Zibila zela eta erbestera joatera behartuta, Forun utzi zuen bere familia, Mont de Marsan-era erbesteratuz. Familiari eskutitzez berak azaldu zionez bezala, hegazti granja baten kontabilitate lanetan aritu zen. 1940. urteko ekainaren 21ean erbestean zendu zen.