Jose M. Rochina tuba jotzailea Bilboko Udal Musika Bandarekin ariko da urteko lehen kontzertuan

Jose M. Rochina
BILBAOMUSIKA
Publicado: viernes, 19 enero 2018 17:52

BILBO, 19 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udal Musika Bandak urteko lehenengo kontertua emango du igandean, urtarrilaren 21ean, eta, Rafael Pascual-Vilaplana zuzendari titularraren gidaritzapean, Jose Miguel Rochina tuba bakarlariarekin batera ariko da. Kontzertuak "hiru kulturetan zehar ibilbidea" egingo du: ingelesa, iparamerikarra eta japoniarra. Emanaldia Euskalduna Jauregiko Auditoriumean izango da, 12:00etan, BilbaoMusikak jakinarazi duenez.

"Ozeanoen arteko haizeak" izeneko kontzertua bi zatitan banatuko da. Hasteko, Chang Su Koh egile japoniar gaztearen "Lament" obra entzungo da, eta, ondoren, Edward Gregson maisuaren "Tuba Concerto" klasikoa. Kontzertuko bakarlari gonbidatua Jose Miguel Rochina izango da, Bilboko Udal Bandako tuba irakaslea.

Kontzertuaren bigarren zatian omenaldia egingo zaio XX. mendeko musikaririk handienetako bati: Leonard Bernstein pianista, pedagogo, konpositore eta orkestra zuzendariari. Emanaldian, berak egindako hiru lanen bandarako moldaketak entzungo dira: Slava", "West Side Story" eta "On the town".

Sarrerak zenbakituak izango dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan (5 euro), www.euskalduna.eus webgunean (6 euro) eta Kutxabank erakundearen zerbitzu anitzeko kutxazainetan (6 euro) erosi ahal izango dira.

Banda bilbotarraren kontzertu zikloak otsaileko lehen asteburuan jarraituko du, otsailaren 4an, "Desirak batzen" izeneko ikuskizunarekin. Jose A. Domene harpa jotzaile murtziarrarekin batera, ikus-entzuleek R. Goorhuis, S. Lancen eta J.V. Egearen obrez gozatzeko aukera izango dute.