Josu Bergara kantautore bizkaitarrak kontzertua emango du bihar Londresen

Josu Bergarak Londresen joko du bihar
Josu Bergara
Actualizado: viernes, 13 mayo 2011 12:26

BILBO, 13 May. (EUROPA PRESS) -

Josu Bergara kantautoreak kontzertua eskainiko du bihar, arratsaldeko 19:00etan hasita, Londresko Oxford House zentro artistikoan. Bertako Euskal Elkarteak antolatutako ekitaldian "Nora zoaz" diskoaren kantak akustikoan aurkeztuko ditu Eako (Bizkaia) bakarlariak.

Bakarlari bizkaitarrak berrak adierazi duenez, "Nora zoaz" diskoa munduko hamaika herrialde ezberdinetara heldu da "CD crossing" delako ekimenari esker. 2010eko uztailean martxan jarri zen ekimenaren bidez, diskoa mundu osoko hirietara heldu da, besteak beste Tokioko metrora, Moskuko Plaza Gorrira, Argentinako Perito Moreno glaziarrera, Miamiko Jai Alai pilotlekura eta Zelanda Beerriko Wanaka lakura.

Liburuak elkartrukatzeko ezaguna egin den "Bookcrossing" ekintzan oinarritzen da musikari bizkaitarraren "CD crossing" proposamen berria. Hain zuzen, "bookcrossing" izenekoa liburuak parke, liburutegi, garraiobide eta beste gune publiko eta zabaletan uztean datza, edonork aurkitu eta etxera eramateko.

"CD crossing" ekimenaren kasuan, Bergararen lagun eta ezagunak euren bidaietan diskoak munduko toki ezberdinetara eraman dituzte. Horrela, auzolanean, hogeitamar pertsona baino gehiago parte hartu dute hurrengo prozedurari jarraituz: diskoa maletan sartu, bidaian zehar bisitatutako hiri zein herriko leku bitxietan diskoak lagatzeko edo hango biztaleei eskura emateko.

Gainera, "Cd crossing" ekimenean parte hartu dutenek hainbat argazki atera dituzte aireportuetan, parke naturaletan, hondartza zein eraikin ezagunen aurrean. Lehenengo parte-hartzailea, Japonera bidaitu zuen Iñigo eskoriatzarra izan zen. Tokioko metroan bertan, Osakan eta beste hainbeste hirietan utzi zuen "Nora zoaz" diskoa. Geroago, Karlos eta Amaia bilbotarrei esker, diskoa Moskura heldu zen. Gaur egun, 30 parte-hartzaile baino gehiago euren laguntza eskaini dute, azken argazkiak Oman eta Kuwait herrietatik heldu direlarik.

Ekimena pixkanaka hazten joan da sare sozialen bitartez. Era honetan, Josu Bergarak bere facebook-eko orrialdean (www.facebook.com/josubergaramusika) argazki denak ikusgai jarri ditu eta twitter kontuan #cdcrossing etiketa erabiliz www.twitter.com/josubergara bidaien jarraipena egin du.

"NORA ZOAZ"

"Nora zoaz" diskoa hamar abestiz osatutako lana da, eta euskal kantautore tradizionalen oinarritik hasi eta erritmo eta ildo musikal berrietara aurrerapausoa eman du Eako musikariak. Konposizio lanen

erronka nagusia bakarlariaren kantuak hartu eta "talde-abesti" bihurtzea izan da, eta emaitzan antzematen denez, kanta berriek "indarra eta freskotasuna" irabazi dute.

Modu honetan, rock, jazz eta bossa doinuekin konposizioak aberastu dituzte Bergarak, adibidez, "Galdu gara", "Hodei eta euri gehiago" eta "Txikitan" kantetan saxofoia eta biolinak pop-rock bandarekin elkartzen dira.

Hala ere, kantautorearen xarma edo kutsu berezia ez zuen galdu nahi, eta egileak eta teknikariek "Eneritz" edo "Beldurra" kantetan esentzia edo espiritu hori mantentzearen aldeko apustua egin dute. Era berean, "Lapatzatik" kantua Bizkaiko kostaldeko Ea herriaren jendearen

omenez egindeko abestia da, eta horrela habanera erritmoa hartuta, mariñelen ingurukoak eta beste zenbait istorio kontatzen ditu herri txiki horren bizkaieraz idatzitako hitzetan.

Datozen hilabeteetan, bakarlari bizkaitarrak, Jon Landeta gitarristaren laguntzarekin, "Nora zoaz" diskoaren kantak akustikoan aurkezten jarraituko du. Horrela, bihar Londresko Euskal

Elkartean emango duen kontzertuaz gain, maiatzaren 27an Laudioko Basalarrina elkartean ere joko du, besteak beste.