Juan Crisostomo Arriagak 12 urterekin idatzi zuen lan baten faksimile edizioa argitaratu du Bilboko Udalak

Actualizado: lunes, 26 enero 2015 13:43
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

   Juan Crisostomo Arriaga Bilbon jaio zeneko 209 urte betetzen direnean (1806ko urtarrilaren 27an jaio zen), konpositore bilbotarrak 12 urterekin idatzi zuen "Sinfonía para pequeña orquesta en fa mayor" lanaren faksimile edizioa argitaratu du Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak.

   Lanaren jatorrizko eskuizkribua British Library liburutegian dago. Argitalpenak lanari sarrera ematen dioten eta lana bera azaltzen duten testuak ditu, familiaren ondorengo zuzena izateaz gain, musikariaren legatuan espezialista handienetakoa den Joaquín Pérez de Arriaga ikertzaileak idatzitakoak, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

   Proiektu hau, bere jaiotzaren bigarren mendeurreneko ospakizunekin bat etorriz 2006an hasi zen Arriagaren lan ezagunen faksimilak -15 liburuki- argitaratzeko lanaren jarraipena da. Oraingoan, eskuz idatzitako baina sinatu gabeko lana da, seguru aski Emiliano de Arriagak eskatutakoa. Ingalaterran kontserbatzen da, José de Arriaga e Ygartua haren semeak 1921ean British Museumari laga baitzion. Bertako fondoak British Library liburutegira eraman ziren ondoren.

   Orain arte egin den bezala, faksimile edizioaren 500 ale inprimatuko dira, baina ez dira salgai jarriko, dohainik banatuko baitira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE), Estatu espainiarreko eta atzerriko hainbat liburutegitan, erakunde publikotan eta musika erakundetan, 20 urte bete barik hil zen musikari bilbotarraren lana ezagutzen eta hedatzen laguntzeko.

   Joaquín Pérez de Arriaga ikertzailearen hitzaurrean adierazten den moduan, lana Bilbon estreinatu zen, Sociedad Filarmónican -bere lehenengo presidentea Emiliano de Arriaga izan zen-, 1924ko urtarrilaren 23an. Partiturak 22 orri ditu, azalean obraren izenburua dago, eta gainerako 21 orrietan, Juan Crisostomo Arriagak 12 urte zituela (1818an) bi biolinerako, biolarako, baxurako, txirularako, bi klarineterako eta bi tronparako idatzitako sinfoniaren 41 orrialdeak daude.

SARBIDE LIBREA ETA UNIBERTSALA

   Juan Cirsostomo Arriagak idatzi zituen lan gehienek, bere partituren eskuizkribu sinatuek, ondoren eskuz egindako kopiekin batera, bere lanaren edizioek, kontzertuen programek, gutunek eta bestelako dokumentuek -gehienak familiak Bilboko Udalari emandakoek-, ondarearen eta ikerketaren ikuspegietatik balio handia duen dokumentu multzoa osatzen dute.

   Fondo hori guztia izan zen 2006an ospatutako musikariaren jaiotzaren bigarren mendeurreneko ospakizunen ardatza. Une hartan hasi zen jatorrizko lanak eta kopia zaharrenak digitalizatzeko lana ere, musikarien eta ikerlarien esku jartzeko.

   Gaur egun 34 dira Bilboko Udal Liburutegi Sarearen biltegi digitalean -www.bilbao.net/bld- kontsultatu daitezkeen lanak. Horrez gain, liburutegian bertan, ikerlariek, aurretik hitzordua eskatuta, digitalizatuta ez dagoen fondo historikoa ere kontsultatu ahal izango dute.

   Digitalizazioa egin ondoren, hurrengo pausoa faksimile edizioen argitalpena izan da. Lan hori egiteko ezinbestekoa izan da konpositorearen ondorengoa den Joaquín Pérez Arriagaren laguntza. Bera izan da argitalpen honetan zein aurrekoetan testuak prestatzeaz eta partiturak antolatzeaz arduratu dena, liburukietan aurkeztu ahal izateko.