DONOSTIA 3 Sep. (EUROPA PRESS) -
Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazokak ekimen bat kaleratu zuen Mendiexpoko bisitariak beraiek izan zitezen aurten azokaren zazpigarren edizioko edukietako batzuk definitu zitzatenak, eta internautek udan zehar erantzun diote ekimen horri. Abuztuan zehar internautek beren ideiak eta iradokizunak uzten joan dira Mendiexporen web-orrian asmo horrekin jarritako inkesta batean, eta interes garbia erakutsi dute Juan Vallejo eta Patrick Gabarrou alpinistak Mendiexpo 2010eko hitzaldi-programan egon daitezen. Biek baietsi dute urriaren 30etik azaroaren 1era bitarte egingo den azokan izango direla, antolatzaileek gaur jakinarazi dutenez.
Juan Vallejo Paskitanen izan berri da, Karakorum mendikatean, eta Broad Peak-eko igoerako irudiak eta zuzen-zuzeneko informazioa ekarriko du Ficobara. Joan den uztailean Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalzak espedizio historiko batean bide berri bat zabaldu zuten Broad Peak-era igotzeko, euskal alpinismoak zortzimilako batean zabaltzen zuen lehena; eta Alberto Iñurrategik mendi horren hiru gailurrak jarraian eskalatzea lortu zuen.
Orain arte, espedizio poloniar batek 1984an (Kukuczka eta Kurtyka) eta espedizio japoniar batek 1995ean (Hattori, Kitamura eta Todaka) zuten egina soilik planetako hamabigarren mendirik altuenaren zeharkaldi osoa.
Bestalde, Patrick Gabarrouk curriculum garrantzitsua dakar berekin Mendiexpora. Garai guztietako alpinista frantsez garrantzitsuenetakotzat jotzen den honek 250 bide baino gehiago zabaldu ditu, eta hori dela-eta jendeak goi-mailako alpinismoan funtsezko pieza bezala hartzen du. Gabarrouk Mont Blanc mendiari eskainitako proiekzio bat ekarriko du Mendiexpora.
Hitzaldi-programan nabarmentzekoa da Kurt Diemberger austriar alpinista garrantzitsuaren presentzia, 8.000 metro baino gehiagoko mendietara bi lehenengo igoerak egindako eta bizirik dagoen pertsona bakarra, eta Vallejo eta Gabarrou ere hitzaldi-programa horretan izango dira.
Azkenik, azokako arduradunek adierazi dute Mendiexporen hurrengo kartelaren lehiaketan parte hartzeko epea luzatu egin dela eta sortutako lanak irailaren 16ra arte bidaltzeko aukera izango dela. Lehiaketa honen oinarriak Mendiexporen web-orrian ikusi ahal dira; lehiaketak 500 euroko saria du.