Judith Jauregirekin hasiko dira larunbatean Getxoko 27. Kontzertu Klasikoak

Actualizado: viernes, 2 marzo 2012 11:30
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

   Getxoko (Bizkaia) 27. Kontzertu Klasikoak hasiko dira larunbat honetan, martxoaren 3an, Judith Jauregi piano-jotzaile donostiar gaztearen emanaldiarekin. Zikloaren saioak lehenengo aldiz hiru larunbatetan banatuko dira eta hurrengo saioak martxoaren 10ean eta 17an izango dira, Sevillako Ganbara Orkestrarekin eta Quatuor Schumman harizko instrumentuen laukote suitzarrarekin, hurrenez hurren. Kontzertu guztiak Areetako Andres Isasi Musika Eskolan izango dira, 19:30ean, eta sarrerak dagoeneko salgai daude.

   Antolatzaileek adierazi dutenez, Judith Jauregi egungo pianista handienetako bat da. Bere jarduera azken urteetan apartekoa izan da eta musika klasikoaren eszenan ospe handia lortu du. Errezitaldietan 11 urte zituela egin zuen debuta. Nazioarteko sariz beteriko jarduera hasi zuen orduan eta munduko jaialdi ospetsuenetan jardun da ordutik hona.

   Artista donostiarra entzunareto garrantzitsuenetan aritzen da sarritan eta lehenengo bakarkako diskoa kaleratu berri du: "Robert Schumann, el arte de lo pequeño". Lan hori denboraldiko disko ospetsuenetariko bat da. Getxon eskainiko duen saioan, Mozarten, Brahmsen, Scriabinen eta Schuberten piezez osaturiko programa interpretatuko du.

   Getxoko Kontzertu Klasikoen bigarren saioan, martxoaren 10ean, Sevillako Orkestra Barrokoa izango da protagonista. Orkestra hau Espainiako talde ospetsuenetako bat da eta antzinako musikaren arloan espezializatu da. 1995ean sortu zuten taldea Barri Sargent biolin-jotzaile estatubatuarrak eta Ventura Rico musikari espainiarrak, eta orduz geroztik nazioarteko artista eta zuzendariarekin aritu da orkestra maila handia erakutsita.

   Musika anitzak interpretatzeko erraztasuna eta ondare musikala berreskuratzeko erakutsi duen interesa dira taldearen ardatz nagusiak. Arreta handiz hautatzen dituzte taldearen egitarauak osatzen dituzten piezak eta horietan errepertorio unibertsaleko lan handiak zein hain ezagunak ez diren baina kalitate handia duten konposizioak biltzen dituzte. Iaz, Espainiako Kultura Ministerioak emandako Musikaren Sari Nazionala irabazi zuen.

   Azkenik, Quatuour Schumman taldearekin amaituko da zikloa martxoaren 17an. Ganbera laukote suitzar hau ospe handiko bakarlari eta musikariek osatzen dute. Bere errepertorioa, laburra izan arren, maila handikoa da, eta taldeko piano-jotzailea den Christian Favreren konposizio eta transkripzioekin aberasten da. Taldearen musika-ikuspegi originala eta bere interpretazioen sakontasuna dira bere ezaugarri nagusiak, eta horiez baliatuta ganbera musikaren arloan nabarmendu da azken urteotan.