June et Lula bikote frantsesak Bilboko BBK Aretoan joko du urtarrilaren 30ean

June et Lula
PRODUCCIONES SERRANO
Actualizado: martes, 18 enero 2011 18:32

BILBO, 18 Ene. (EUROPA PRESS) -

June et Lula indie-folk bikote frantsesak kontzertua eskainiko du urtarrilaren 30ean Bilboko BBk Aretoan, iluntzeko 20:00etan hasita, "Musiketan" zikloaren baitan, Produccciones Serrano-k prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Bluesa eta countrya jomuga dituzten gitarra bat eta bi ahots dira June et Lula, 1960ko eta 1970ko hamarkadetako giroan. Bi neska sortzaile dira, gozotasunez eta umorez elkarri lotzen zaizkion bi ahotsekin.

June eta Lula 2005ean elkartu ziren, 1970eko hamarkadako rock estiloko Rosebud taldean; bertan Lula abeslaria zen eta June baxu-jotzailea eta korista. 2008ra arte itxaron zuten bikote gisa proiektu bati ekiteko. Junek gitarra hartu zuen eta ahotsak nahastu zituzten.

2008ko udan June eta Lula Frantzian zehar ibili ziren kafetegietako terrazetan edota kalean jotzen: Deauville, Tours, Aurillac eta Parisen. 2008ko urrian lehen maketak erregistratu zituzten.

Christian Herrgott-ek zuzentzen duen CH+ diskoetxe independentearekin kontratua sinatu eta lehenengo diskoa grabatu zuten Bruselako ICP estudioan. Diskoa Jean-Pierre Bucolok ekoitzi zuen, nahasketak Phil Delire-k egin zituen eta 2010eko udazkenean kaleratu zuten.

Euren estiloaren ezaugarri nagusia taldearen xalotasuna da: gitarra akustiko bat eta bi ahots, dibertitu edota aztoratzen dituzten ingelesezko abestiekin, eta batez ere blues, gospel eta jazz doinuekin. Batera konposatzen dute, 1970ko hamarkadako eraginak, bluesa, folka eta countrya uztartuz. Bikotearen swing erritmo, harmonia goxo eta istorio argien gainean dantza, amets edota barre egiteko gonbidapena da.