Kafe kapsulak birziklatzeko proiektu bat abiatu du Eroskik

Kafe kapsulak birziklatzeko ontziak
EROSKI
Actualizado 2018/07/13 12:08:54 CET

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Eroskik kafe kapsulak birziklatzeko proiektu bat jarri du abian. Ekimen pilotua da eta, hasieran, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Balear Uharteetako dendetan jarriko du martxan. Proiektua abiatzeko, kooperatibak edukiontzi bereziak jarri ditu bere saltokietan, bezeroek han utz ditzaten kapsula erabiliak. Horrela, edozein materialekin egindago eta edozein markako kafe kapsulak biltzeko gune propioak izango dituen Estatuko lehen banatzaile handia izango da Eroski.

Alejandro Martínez Berriochoa Eroskiko Osasun eta Iraunkortasun arloko zuzendariak adierazi du jabetu direla jendeak gero eta gehiago eskatzen dituela dosi bakarreko kafe kapsulak, baita gero eta hondakin gehiago sortzen dela horiekin eta biltzeko gune gutxi dagoela egoki birziklatu daitezen, "zaila baita materia organikoa kafe ontziaren ertzetatik bereiztea eta modu egokian kudeatzea, eta berdin kapsularen beste materialak ere, adibidez aluminioa eta plastikoa".

"Ekimen honek aukera emango digu kapsulak dituen lehengai guztiak eta materia organikoa berreskuratzeko, eta bezeroei erraztasunak emango dizkiegu beren kontsumoak ingurumenean duen eragina gutxitzeko", ziurtatu du.

Alderantzizko logistika prozesu bat diseinatu du kooperatibak, eta asmoa da denda bakoitzean biltzen dituen kapsulak bere instalazio logistikora bidaltzea. PLS Pooling enpresa kudeatzaile baimenduak eskuratuko ditu bertan, tratatzeko eta birziklatzeko. Kafea eta kapsula biodegradagarriak ongarri bihurtu eta substratu gisa erabiliko dituzte perretxikoekin, onddoekin eta abarrekin, eta plastikoa eta aluminioa birziklatu eta urtu egingo dituzte, eta plastikozko eta aluminiozko ontzi berriak sortzeko erabili.

Prozesua bukatzean, bildu eta birziklatu diren kapsulen kudeaketari buruzko ziurtagiri bat osatuko da hilero, eta hor ikusi ahalko da zenbatekoa izan den karbono arrastoa eta zenbat gas isurtzeari utzi zaion horri esker.

Proiektua abiaraztean, Eroskik informazio kanpaina bat egingo du saltokietan, sare sozialetan eta Eroski Club aldizkariaren bidez, bezeroei jakinarazteko eskura dutela zerbitzu berri hori eta kontzientzia hartzeko, "jabetu daitezen zein garrantzitsua den ontzi horiek birziklatzea".

Contador