Kaikuk eta Araba, Bizkai, Gipuzkoako eta Nafarroako administrazioek nekazaritza eta abeltzaintzaren egoera aztertu dute

Ganaderos atienden el ganado.
AGF
Actualizado: miércoles, 23 marzo 2011 14:09

DONOSTIA, 23 Mar. (EUROPA PRESS) -

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiak, Nafarroako Gobernuak eta Kaiku Kooperatibak Hego Euskal Herriko nekazaritzak eta abeltzaintzak bizi duten egoera, erakundeen laguntza eta Kaikun biltzen diren 400 abeltzainek osatzen duten lehen sektorearen geroa aztertu dituzte gaur.

Jardunaldian, besteak beste, nekazaritza eta abeltzaintza jardueraren eragina -esnearena bereziki-, ingurumenaren kudeaketa eta abeltzainek ingurumenean daukaten eragina aintzat hartzeko gizartean eman behar den aldaketa kulturala bezalako gaiak landu dituzte. Bestalde, mendi inguruetan dauzkaten lehiakortasun arazoak orekatzeko ekimenetaz eta gainontzeko eremuetan abian jarri beharreko jardueretaz ere hitz egin da.

FAO eta Munduko Bankuko aholkulari eta nekazaritzako politikan eta landa-eremuetako garapenean aditua den Jorge Wyder-ek Suitza jarri du gai honetako erreferentziatzat. Wyder-ek Suitzarako 2025. urterako jarri dituen helburuetan ekoizle, instituzio eta kontsumitzaileak daude nahasirik.

Helburu hori lortzeko hartu beharreko neurrien artean daude, besteak beste, kostua murriztea eta salneurri lehiakorretan elikagaien produkzioa ziurtatzea, kalitatezko produktuak nazioarte mailakoak izatea, produkzioa dibertsifikatzea, lurraren emankortasuna eta bioaniztasuna mantentzea, nekazarien autonomia indartzea, ekoizleen sinergien erabilera hobea egitea eta kontsumitzaileen jarrera jasangarria sustatzea.

Besteak beste, Rafael Uribarren Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Eremuko Garapenerako diputatuak, Irene Pardo Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza diputatuak, Estefania Beltran de Heredia Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza diputatuak, Ignacio Guembe Nafarroako Gobernuko Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak eta Joxe Urrestarazu Kaiku Kooperatibako presidentea eta Jon Agirre presidenteordeak parte hartu dute bileran.

Egun, Kaiku Kooperatibak, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 400 abeltzainen bitartez, 170 milioi litro esnetik gora biltzen ditu urtean. Hain zuzen ere, Gipuzkoan, eskualde guztietan dauden 200 nekazari-abeltzainek eskaintzen die euren esnea Kaikuri.