Poziktibityren bideo berriak euskaldun berriak omenduko ditu

Arabako eta Bizkaiko aldundiek eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek bat egin dute egitasmoarekin

   BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Poziktibity egitasmoaren 2015. urteko laugarren bideoak kalea du protagonista eta euskaldun berriak omenduko ditu. Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotuta dagoen laugarren bideoarekin bat egin dute Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek eta Bilbo, Gasteiz eta Donostiako udalek, eta egitasmoak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udalerri guztiei euskaldun berriei "aitortzarako gune bat" eskaintzea proposatu die, "euskaldun berriaren presentzia nonahi hedatzen joan dadin".

   Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Ana Urrutia ETBko aurkezlea izan dira "Berritasuna Poziktibity da" goiburua duen bideo berria aurkezten, Bilbon, ekimenarekin bat egin berri duten erakunde publikoetako ordezkariak bertan zirela.

   Aurkezpenean, Baztarrikak azaldu du bideo berria zuzenean lotuta dagoela abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunarekin, eta bere azken helburua euskaldun berriak omentzea dela, "etengabeko txalo beroa ematea, sekulakoa delako egiten duten ahalegina".

   Halaber, Poziktibity egitasmoak bidelagun berriak dituela jakinarazi du, alegia, Hizkuntza Politikako gaietarako Herri Administrazioen Koordinazio Batzordeko (HAKOBA) kide diren Arabako eta Bizkaiko aldundiak eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalak. Ildo honetan, EAEko udalerri guztiei euskaldun berriei "aitortzarako gune bat" eskaintzeko proposamena luzatu zaie, kale bat, kiroldegi bat edo plaza bat, "euskaldun berriaren presentzia nonahi hedatzen joan dadin".

AITORPEN BAT

   Poziktibityren olatu berria ez dela ohikoa esan du Baztarrikak, eta une berezi baterako erreserbatu dutela, "errekonozimendu, aitorpen bat egin nahi dugu eta, eta horregatik, gaur eta hemen, aitorpena egin nahi diogu euskaldun berriari".

   "Gauza berriak ikasteak markatzen du askotan pertsonen bizitzaren norantza, eta horregatik diogu berria dena, berritasuna, poziktibity dela. Eskerrik asko bihotzez, euskararen taupada zaretelako, euskal hiztunen komunitatea berritzen, zabaltzen eta biziberritzen ari zaretelako", esan die Baztarrikak euskaldun berriei.

   Ildo honetan, Ana Urrutia telebistako aurkezleak, euskaldun berri bezala, euskara ikasteko egindako "sekulako ahalegina" nabarmendu du, eta eskerrak eman dizkio euskarari.

   Bukatzeko, Patxi Baztarrikak iragarri du www.euskaldunberriakalea.eus webgunea abian dela, eta bertan, Poziktibity egitasmoaren laugarren bideoaz gain, esperientziak edota udalerriek egiten dituzten ekintzak jasoko direla jakitera eman du.