Kaleko arteen gizarte balioari eta kontakizun mediatikoari buruzko gogoeta egingo dute Leioan

"Arteen Sukaldaritza"
UMORE AZOKA LEIOA
Actualizado: lunes, 8 mayo 2017 13:57

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

Leioako Udalak antolatutako Umore Azoka Leioak "Arteen Sukaldaritza" topaketa antolatuko du, Artekale Euskadiko Kaleko Arteen Elkartearen eskutik, adituek eta profesionalek kaleko arteen garrantziari eta horien gizarte balioari buruzko gogoeta egin dezaten. Topaketak Kultur Leioa aretoan izango dira, asteartean eta asteazkenean, maiatzaren 9an eta 10ean, eta Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko irakasle Maria Velascok, Bartzelonako SMUCeko irakasle Xavier Finak eta Lucia Litjmaer eta Aida Pallares kazetariek hartuko dute parte, besteak beste.

Umore Azoka Leioatik sektorearekin batera egiten den etengabeko lanetik sortutako ekimena da "Arteen Sukaldaritza", eta gogoetarako eta lanbide prestaketarako espazioa izan nahi du. 30 pertsona inguruk eman dute izena, eta egitaraua bi saiotan banatu da, azterketa eta gogoeta prozesua errazteko.

Horrela, asteartean, maiatzaren 9an, arratsaldeko 15:00etatik 19:00etara, topaketek "Kaleko Arteen gizarte balioa" gaian jarriko dute arreta. Umore Azoka Leioa bezalako kultur programetan hainbeste ikusten ez diren eta neurtzeko zailagoak diren balioak aurkeztuko dituzte Maria Velasco eta Xavier Fina irakasleek ikuspegi akademikotik. Helburua da soilik jaiarekin lotuta dagoen kaleko arteen ikuspegia gainditzea eta gizarterako dakartzaten onura guztiak lantzea.

Asteazkenean, maiatzaren 10ean, "Kaleko Arteen kontakizun mediatiko berria" izango da aztergaia. Goizeko 10:00etatik arratsaldeko 14:00etara, komunikabideek kaleko arteak lantzeko eta gizarteak arte horiek ulertzeko duten modua aldatzen lagun dezaketen estrategiak identifikatuko dituzte parte hartzaileek, kontakizun egiazkoagoa eta sektorearen benetako errealitatetik gertuago egongo dena lortzeko.

AZOKA PROFESIONALA

"Arteen Sukaldaritza" Umore Azoka Leioaren 18. edizioko jarduera paraleloen arteko lehenengoa da, baina ez bakarra. Jardunaldi horrez gain, hainbat erakunderen bilkurak ere egingo dira, besteak beste, Sarea Antzokien Euskal Sarearena eta Patea Kaleko Arteen Profesionalen Elkartearena. Halaber, Artekale espazioan egingo diren topaketa azkarrak edo Umore Meeting izeneko saioak izango dira.

Jardunaldi profesionalak maiatzaren 18, 19 eta 20ko goizetan izango dira. Sektoreko erakundeen barne bilerei dagokienez, maiatzaren 18an, Euskadiko titulartasun publikoko antzokietako 50 arduradun tekniko inguru bilduko dituen Sarearen Batzar Nagusia egingo da, baita Artekale-Sarea II. topaketa ere. Topaketa horretan Artekaleko konpainiek euren proiektuak aurkeztuko dituzte. Testuinguru horretan, maiatzaren 19an, 14:30ean, Mendibile jauregian harrera ekitaldi ofiziala ospatuko da eta Umore Azoka Leioa 2016ko sariak eta Umore Azoka 2017 Sari Berezia banatuko dira.

Horrez gain, maiatzaren 18tik 20ra, Umore Azoka Leioak Artekale Espazioa antolatuko du. Profesionalei zuzendutako jarduera ugari egingo dira bertan, eta horien artean azpimarragarriak izango dira Umore Meeting izenekoak, konpainien eta programatzaileen arteko negozio bilera azkarrak.

Sektore profesionalari zuzendutako jarduera horien bitartez, Umore Azoka Leioak indartu egin nahi du erreferentziazko merkatu gisa betetzen duen lekua, azokak irauten dituen lau egunetan ordezkaritza artistikoarekin erlazionatutako 500 pertsona inguru elkartuko baitira Leioan, besteak beste, programatzaileak, sortzaileak, konpainien ordezkariak, azoka eta jaialdi zuzendariak.