Kalteberatasun egoeran dauden lagunentzat 42 etxebizitza ematea adostu dute Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak

Actualizado: viernes, 22 enero 2016 13:44

BILBO, 22  (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetzarako esparru hitzarmen bat sinatu dute ostiral honetan, Bizkaian etxebizitza sozialen premiei erantzuteko asmoz. Zehazki, gizartean baztertua izateko arriskua dakarten kalteberatasun egoerei nahi diete erantzun bi erakundeek, bai eta Europako 2015eko krisi humanitarioaren errefuxiatuen kolektiboko pertsonen eta familien harrerak sortutako premiei ere. Hala, Azpiegitura sozietateak lurraldean zehar sakabanatutako 42 etxebizitza lagako ditu, eta Alokabidek kudeatuko ditu osteko alokairuak.

   Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu eta Alokabide S.A.-ko Administrazio Kontseiluko presidenteak eta Imanol Pradales Bizkaiko Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatu eta Azpiegiturak S.A.U.-ko buruak sinatu dute hitzarmena. Akordioak hiru urteko indarraldia izango du, eta, amaitzean, modu mugagabean luzatu ahalko da, urtebeteko epeetan, baldin eta bi alderdiak ados badaude.

   Bi erakundeen ustez, Bizkaiko etxebizitza sozialen premiei erantzuten lagunduko du hitzarmenak. Izan ere, akordioaren indarraldian etxebizitzak gehitu daitezke, bi alderdiek egoki baldin baderitzote. Toñak nabarmendu duenez, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren 2013-2016 aldirako Etxebizitza Plan Zuzentzailearen barruan dago hitzarmena: bertan jasotako ardatz estrategikoetan zehazten denez, ekintzak sustatu behar dira talde kalteberenek etxebizitza eskuratzeko aukera izatearekin lotura zuzenean.

   Bestalde, Pradalesek azpimarratu du Bizkaiko Foru Aldundiak "urrats garrantzitsuak" eman dituela beharrizan sozial handiak dituzten pertsonei Etxebizitzari buruzko Foru Planean libre eta erabiltzeko moduan dauden etxebizitzak eskuratzea errazteko.

350 EURO ETXEBIZITZAKO

   Etxebizitzak Alokabideri lagako zaizkio, etxebizitza bakoitzerako banako gozamen kontratuen bitartez eta 36 hilabeteko epeaz. Alokabide Eusko Jaurlaritzako sozietate publiko bat da, eta etxebizitzaren funtzio sozialaren esparruan babestutako alokairua kudeatzeko ardura du.

   Hitzarmenaren arabera, Alokabidek hilean 350 euro ordainduko dizkio etxebizitza bakoitzagatik Azpiegiturak sozietateari, hau da, Bizkaiko enpresa, gizarte eta kirol azpiegiturak proiektatzen, eraikitzen, mantentzen eta kudeatzen dituen enpresa publikoari.

   Gastuei dagokienez, ondasun higiezinen gaineko zerga Azpiegiturak ordainduko du, bai eta, hala badagokio, obren lizentziagatiko tasa eta eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga ere. Alokabidek, berriz, etxebizitzaren jabegoa dela-eta ezarritako estatu, autonomia, foru eta udal mailako zergak, tasak eta beste zerga betebeharrak hartuko ditu bere gain, esaterako, estolderia tasak eta zabor bilketakoak. Argiaren eta gasaren, uraren eta berokuntzaren hornikuntza eta komunitateko gastu arruntak ere Alokabidek ordainduko ditu.