"Kandahar Journals" Hileko Dokumentala ostegunean Bilbon

"Kandahar Journals" Ostegunean Bilbon
BILBOKO UDALA
Actualizado: martes, 24 enero 2017 17:28

   BILBO, 24 Ene. (EUROPA PRESS) -

   Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak urtean zehar bere programazioari jarraipena emateko antolatu duen Hileko Dokumentala zikloak Louie Paluk eta Devin Gallagherrek zuzenduriko "Kandahar Journals" lana eskainiko du ostegunean, urtarrilaren 26an. Prentsako argazkilari gisa Paluk Kandaharreko (Afganistan) borroka frontean lau urtez bizi izandako esperientzia gogorra kontatzen du 2015eko film kanadarrak.

   Bilboko Udalak jakinarazi duenez, ohikoa denez, emanaldia Multicine 7. aretoan izango da, arratsaldeko 20:00etan, ingelesezko jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpitituluekin. Sarrerak 3,70 euroko prezioa izango du.

   "Kandahar Journals" Afganistanen hegoaldean dagoen Kandaharreko borroka frontean argazkilari-kazetari batek bizi izandako istorioa da. Louie Paluk 2006 eta 2010 artean idatzi zituen egunkarien bitartez, ikus-entzuleek bere bilakaera psikologikoa ezagutuko dute, "errealitatetik deskonektatuta dagoen indarkeria absurdoaren erdian". "Gerraren gordintasuna, monotonia eta, sarri askotan, erabateko esanahi falta bizi izan ditu zuzenean", adierazi du.

   Paluren ikusteko moduan oinarrituta egituratutako ikuspuntua eskaintzen du filmak, "inguratzen duen egoera latza ulertzeko ezintasunetik, erabateko gatazka sortuz Ipar Ameriketara itzultzean bizi duen arrunkeriarekin".

   "Kandahar Journals" 16 urtetik beherakoentzat komenigarria ez den dokumental gogorra da, eta dokumentalei buruzko hainbat jaialditan lortu ditu sariak, Europan eta AEBetan.

EGILEAK

   Louie Palu argazkilari profesional ezaguna da. 24 urte baino gehiagoko ibilbide profesionalarekin, nazioarteko hainbat sari irabazi ditu, horien artean Pulitzer Center On Crisis Reporting Grant ezaguna. Bere lanaren ezaugarri nagusietakoa gai politikoen eta sozialen inguruko iraupen luzeko proiektuak dira.

   Gerraren berri eman du Kandaharretik, 2006tik 2010era, eta gatazka horri buruzko hainbat erreportaje egin ditu. "Kandahar Journals" da bere lehenengo film luze dokumentala.

   Devin Gallagherri dagokionez, ekoizle gisa egin du lan Arlington Independent Media etxean zortzi urtez. AEBetako ezkondutako bikote homosexualei buruzko "Married in Spandex" (2011) bere lehen dokumentala mundu osoko jaialdietan estreinatu da.