Kapital pribatua ikus-entzunezkoen euskal ekoizpenetara erakartzeko pizgarri fiskalak aztertu dituzte Donostian

Jardunaldiko hizlariak
Foto: IBAIA
Actualizado: jueves, 29 enero 2015 17:45
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 29 (EUROPA PRESS)

   Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak 80 profesional baino gehiago bildu ditu Donostian, ekoizpen etxeak, aholkulariak, finantza agenteak, abokatuak eta sektoreko erakundeak barne, kapital pribatua ikus-entzunezkoen euskal ekoizpenetara erakartzeko pizgarri fiskalak aztertzeko jardunaldian.

   Parte hartze handia, "film luze zinematografikoen eta fikzioko eta animazioko ikus-entzunezko sailen edo dokumentalen ekoizpenak finantzatzeko bide hori garatzeko dagoen interesaren adierazgarri" dela adierazi dute Ibaia elkarteko arduradunek.

   Jardunaldia Zuatzu industrialdean kokatuta dagoen eta ikus-entzunezkoen enpresetara bideratuta dagoen PI@ zentroaren auditoriumean egin da, eta hainbat profesional adituk hartu dute parte, hala nola Iñigo Garmendia Norgestion enpresako aholkulari fiskalak, David Naranjo Lazona ekoizpen etxeko zuzendari nagusiak eta Fernando de Miguel Wandermoon enpresako general managerra. Erakunde ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Clara Monteroren esku egon da.

   Topaketan, inbertsiogileak aplika dezakeen ehunekoaren gehikuntzari buruz sozietateen gaineko zergaren foru araudian duela gutxi egin den aldaketak izan dezakeen eragina aztertu da, eta argi geratu da ikus-entzunezkoen sektorea inbertsio pribatuaren erakargune bihurtzeko aukera dagoela.

   Gainera, erakunde mailan, eremu fiskalean beharrezkoak diren neurri osagarriak bultzatu eta sustatzeko konpromisoa argi geratu da, inbertsio pribatua ikus-entzunezkoen euskal ekoizpenetara erakartzeko, bai eta Euskadin ikus-entzunezkoen sektorea indartzen duten beste neurri guztiak sustatzeko premia ere.