Karrantza Haraneko hornidura sistemaren sarea berritzeko 800.000 euroko inbertsioa egingo da

Actualizado: martes, 29 julio 2014 12:32

BILBO, 29 Jul. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak Karrantza Haraneko hornidura sistemako ahalmen handiko sarearen diseinu berria amaitzeko egin beharreko obrak onetsi ditu. Guztira, 800.000 euroko inbertsioa egingo da, Unai Rementeria foru erakundeko bozeramaileak iragarri duenez.

Lehen mailako sare berriak behar bezala funtzionatu du urteotan, baina, halere, ura edangarri bihurtzeko behar bezala tratatu eta ondo mineralizatu beharrak eta uren kalitateak denetarikoak izateak, instalazio guztiak konektatu beharra ekarri dute, eta orain hasiko diren obrei esker instalazio horiek konektatuko dira.

Oraingo bi baltsak, biltegiak eta eroanbideak lehen bezala mantenduko dira, baina edateko uraren hiru araztegien (EUA) ordez handiago bat egingo da San Estebanen, tratamendu egokiagoa ahalbidetzeko.

2011tik 2013ra bitartean tratatzeko instalazio berri hori eraiki da Doneztebe auzoan, eta, sare berria osatzeko, oraindik, ur gordina Cerrojako eta Argañedako urmaeletatik eta Pedrajako eta Matienzoko biltegietatik instalazio berrira eta, aldi berean, araztutako ura EUA berritik Pedrajako, Cerrojako eta Matienzoko andeletaraino garraiatzeko hodiak egin behar dira. Horrela Karrantzako hornidura-sistema amaituta geratuko da.

KARRANTZA HARANA

Karrantza Harana udalerria Enkarterrian dago. 137,87 kilometro koadroko azalera dauka eta 2.800 bat pertsona bizi dira. Biztanle horiek 48 herrigunetan sakabanatuta daude: herrigune horietatik behealdean daudenek biztanle gehiago dituzte, eta goialdean daudenek, aldiz, azienda gehiago dituzte, espezieak bereizi gabe ia 14.000 abelbururekin.

Rementeriak azaldu duenez, azken zortzi urteetan Bizkaiko Foru Aldundiak bederatzi miloi euro baino gehiago inbertitu ditu Karrantza Haraneko hornidura sistema berritzeko. Udalerriko azpiegitura hidraulikoen eta uraren horniduraren egoera goitik behera aldatu da azken urteotan La Cerrojan, La Pedrajan eta Matienzon ezarritako tratamendu instalazioei, erregulazio urmaelei, biltegiei eta instalazioen eta auzoen arteko konexio eroanbideei esker.

Hori oinarri hartuta, 1995etik 2010era bitartean, eta azpiegitura garrantzitsuenak aipatzearren, honako hauek eraiki dira: Cerrojako eta Argañedako urmaelak, Pedrajako, Cerrojako eta Matienzoko tratatzeko instalazioak, Cerrojako, Inceko eta Matienzoko andelak, Rebedulesko bilketaren eta Cerrojako urmaelaren arteko hodiak, Argañedako urmaelaren eta Pedrajako instalazioaren arteko hodiak, La Cadenako bilketaren eta Matienzoko instalazioaren arteko bulkada, eta, Cerrojako, Pedrajako eta Matienzoko EUAetatik aurrera, araztutako ura Karrantza Harana osatzen duten auzoetako andeletara eramaten duten hodiak.