Karrikan plataformak kaleko arte eszenikoei buruzko bi proiektu sarituko ditu

Karrikan plataformak lagunduriko antzezlana
BILBOKO UDALA
Actualizado: jueves, 20 julio 2017 12:23

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Karrikan plataformak kaleko arte eszenikoen sorkuntza lanak bultzatzeko eta laguntzeko bigarren deialdia zabaldu du. Aurkeztutako proiektu guztien artean bi aukeratuko ditu eta, 29.400 euroko laguntza ekonomikoa eta teknikoa jasotzeaz gain, 2018an sustatzaileen jaialdi handietan programatuko dira. Proposamenak aurkezteko epea irailaren 3ra arte egongo da zabalik, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Deialdian balio berezia emango zaio "kaleko ikuskizuna" kontzeptuari. Horrela, zuzeneko ikuskizuna lantzen duten diziplina guztiak onartuko dira, besteak beste, antzerkia, dantza eta zirkua. Hala ere, lehentasuna izango dute testurik ez duten edo euskarazko testua duten proiektuek eta formatu txiki edo ertainekoek.

Bilboko, Gasteizko eta Iruñeko udalak, Hendaiako Herriko Etxea, Euskal Herriko Hirigunea - Hameka (lapurdi), Nafarroako Quiero Teatro antzerki sustatzailea eta Libourneko Herriko Etxea (Akitania Berria) dira Karrikan plataformako bazkideak. Xedea da sorkuntzari laguntzea eta Euskal Herrian kaleko arteetan gero eta indar gehiago hartzen ari diren artisten ezagutza bultzatzea. Aipaturiko bazkideei Zarauzko, Arrigorriagako eta Iurretako udalak gehitu zaizkie, laguntzaile gisa.