Karrikan plataformak kaleko arte eszenikoen euskal ekoizpena sustatzeko laguntzen hirugarren deialdia egin du

Karrikan plataformak aurreko edizioan aukeraturiko lanetako bat
KARRIKAN
Actualizado: lunes, 16 julio 2018 14:38

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Karrikan plataformak mugaren bi aldeetan kaleko arte eszenikoen sorkuntza lanak sustatzeko eta bultzatzeko laguntzen hirugarren deialdia zabaldu du. Bilboko, Gasteizko, Iruñeko eta Hendaiako udalek, Lapurdiko Euskal Herriko Hirigunea-Hamekak eta Nafarroako Quiero Teatro antzerki sustatzaileak osatzen dute Karrikan plataforma. Bazkide horiez gain, Libourneko, Iurretako eta Arrigorriagako udalak eta Gipuzkoako Dantzagunea sorkuntza zentroa laguntzaile gisa sartu dira Karrikan plataforman.

Bere arduradunek adierazi dutenez, proiektu bat aukeratzeko konpromisoa hartu dute eta, laguntza ekonomikoa eta teknikoa jasotzeaz gain, 2019an sustatzaileen jaialdi handietan programatuko da.

Euskal Herrian kaleko arteetan gero eta indar gehiago hartzen ari diren eta espazio publikoan jarduten duten eta profesionalak diren edo profesional izateko bidean dauden artisten sorkuntza lanak bultzatzea da Karrikan plataformaren xedea da.

Zehazki, balio berezia emango zaio "kaleko ikuskizuna" kontzeptuari. Horrela, "zuzeneko ikuskizuna" lantzen duten diziplina guztiak onartuko dira: antzerkia, dantza, zirkua, diziplina anitzeko ikuskizunak eta abar. Hala ere, lehentasuna izango dute formatu txiki edo ertaineko ikuskizunek.

Plataformako kideek aukeratutako proiektua modu orokorrean bultzatzeko konpromisoa hartu dute, hau da, laguntza ekonomikoa emanez, sorkuntzarako egoitzak eskainiz, arte, teknika eta administrazio laguntza emanez -konpainiaren beharren arabera- eta, azkenik, sustatzaileek euren hirietan antolatzen duten kaleko arte jaialdi bakoitzean gutxienez proiektuaren emanaldi bat programatuz. Kaleko jaialdi horiek dira Bilboko Kalealdia, KaldeArte, Iruñeko Harresietako Jaialdia, Hendaiako Mai du théatre eta Abian! Errobiko mankomunitatean.

Proposamen artistikoak aurkezteko epea astelehen honetatik irailaren 2ra arte egongo da zabalik, eta informazio guztia www.karrikan.eu webgunean dago eskuragarri.