Katsumi Komagata idazleak hitzaldi bat eta tailer bat eskainiko ditu bihar AlhondigaBilbaoko Mediatekan

Katsumi Komagata
ALHONDIGABILBAO
Actualizado: miércoles, 23 febrero 2011 11:16

BILBO, 23 Feb. (EUROPA PRESS) -

Katsumi Komagata haur liburuen idazle ospetsuak hitzaldi bat eta tailer bat eskainiko ditu bihar AlhondigaBilbao zentroko Mediatekan, arratsaldeko 17:30etatik aurrera. Japan Foundation da ekimenaren laguntzailea, zentroko arduradunek jakinarazi dutenez.

Egiten dituen lanen bitartez, Komagataren asmoa da neska-mutikoek deskubritzea, begiratzea, ukitzea eta sentitzea, eta horretarako, garrantzi handia ematen die erabiltzen dituen formei, koloreei eta paperaren ehundurari, bere sormen-lanak ukimen-esperientzia bihurtuz, ikus-esperientzia ere izanik.

Bihar, arratsaldeko 17:30etatik aurrera, ilustratzaile japoniarrak familia guztiari (aitak, amak, semeak eta alabak) zuzendutako tailerra emango du; bertan, 'collage' teknika eta sorpresaren elementua (baliabide legez) landuko dituzte, eta irudi harrigarriak eraikiko dituzte, paperezko laukizuzen baten bitartez.

Ondoren, Komagatak hitzaldi bat emango du ilustrazioaren nahiz arte plastikoen profesionalei, hezitzaileei, gurasoei eta abarri zuzenduta, eta bertan, artea haurrei hurbilarazteko duen era bereziari buruzko hausnarketa egingo du.

Diseinu grafikoaren munduan 25 urtetik gora daramatzala, Katsumi Komagata bere herrialdeko sortzailerik garrantzitsuenetakoa da. 1990tik, Komagatak haurtxoentzat eta haurrentzat garatutako ikus-estimulaziorako zenbait liburu argitaratu ditu; liburuok hitzak baino harago dauden istorioak kontatzen dituzte, koloreen, argien, itzalen, zabaltzen diren formen edo ehunduren bitartez.

Era berean, ukimen-liburuak sortu ditu itsuentzat, Les Trois Ourses, Les doigts qui rêvent eta Parisko Pompidou Zentroarekin lankidetzan. Lan horregatik, Komagatak zenbait sari jaso ditu, besteak beste, Boloniako Haur Liburuen Nazioarteko Azokarena 2000. urtean eta Tokyo Design Award saria 2006an, Tokioko Kyushu haur-ospitaleko haurrekin egindako lanagatik.

Haurtxoentzako liburuen "Little eyes" saila bi helbururekin diseinatu zen: batetik, haur txikien jakin-mina estimulatzeko, eta, bestetik, gurasoen eta seme-alaben arteko elkarreragina bultzatzeko. Egindako lan guztiek sorpresa eragin nahi dute deskubrimenduaren aurrean, eta, ondorioz, lanetako bakoitza artelan bat balitz legez hartzen du.

1997tik, erakusketak, hitzaldiak eta tailerrak egiten ditu herrialde ugaritan, eta interes berezia du haurrengan sormena bultzatzeko eta gurasoen eta seme-alaben arteko komunikazioa indartzeko.