Keeling anaien "The House on Pine Street" filmarekin hasiko da Bilboko FANT jaialdia

Keeling anaien
Foto: FANT
Actualizado: lunes, 30 marzo 2015 12:11

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

   Maiatzaren 8tik 15era bitartean ospatuko den FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 21. edizioak Aaron eta Austin Keeling anaien lehenengo film luzea den "The House on Pine Street" (AEB, 2014) lanaren Europako estreinaldiarekin inauguratuko du aurtengo edizioa. Egileak Bilbon egongo dira, euren lehenengo lan luzea aurkezteko, eta emanaldia maiatzaren 8an izango da, arratsaldeko 20:00etan, Campos Eliseos antzokian, zinemaldiaren inaugurazio ekitaldian.

   Antolatzaileek adierazi dutenez, "The House on Pine Street" beldur psikologikoko drama bat da, eta joan den otsailean Silicon Valleyko CineQuest jaialdian aurkeztu zen, kritika bikainak jasoz. Keeling anaiek eta Natalie Jonesek idatzitako ekoizpen lan independentea 19 egunetan filmatu zen, neurri handi batean crowdfunding kanpaina baten bitartez lortu zen aurrekontuarekin. Beste alde batetik, filmazio taldeko kide guztiak 24 urte baino gutxiago dituzte, eta gehienak, Kansaseko Unibertsitateko zine eskolan duela denbora gutxi graduatutakoak dira.

   Austing Keelingek 17 urte zituela zuzendu zuen bere lehenengo film luzea. Zine eta Telebista Ekoizpenean graduatu ondoren, Sony, Lexus eta George Lucas etxeetarako proiektuak egin ditu, eta duela denbora gutxi, James Francok ekoiztu duen "Ultimate Evil" web-telesailaren zenbait atal zuzendu ditu. Aaaron Keeling anaia bikiari, hainbat lan egin ditu Austinekin, eta zinemagile independente gisa ari da hainbat dokumentaletan.

SINOPSIA

   Filmaren sinopsiari dagokionez, zazpi hilabeteko haurdunaldian dagoen Jennifer Branagan (Emily Goss) Kansaseko bere jaioterrira itzuliko da, horretarako gogo handirik ez duen arren, ezusteko krisi emozionala jasan ondoren.

   Amatasunari dion beldurrari, senarrarekin duen harreman zailari eta amaren presentzia kontrolatzaileari aurre egin beharko dien Jennifer bere bizitzaren gidaritza berreskuratzeko borrokatuko da, baina, alokatutako etxe berrian gauza arraroak gertatzen hasten direnean, etxea sorginduta ote dagoen susmatzen hasten da Jennifer.

   Badirudi beste inork ez duela hori sinesten, eta Jenniferrek bere zentzu ona ere zalantzan jarriko du, etxea zerk kutsatzen duen asmatzen saiatzen den bitartean, horrelakorik baldin badago, jakina.