Kexen kopuruak behera egin du EHUn eta 131 lagunek jo zuten iaz aldezlearengana

Itziar Etxebarria EHUko aldezlea
EHU
Actualizado: jueves, 25 febrero 2016 16:33

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Klaustro berria eratu ostean, Itziar Etxebarria aldezleak urteko jardueren txostena aurkeztu du ostegun honetan egin duen bileran. Kexen kopuruak behera egin duela eta, oro har, azken urtean izan diren arazoak ez direla hain larriak eta korapilatsuak izan nabarmendu. Guztira, 131 pertsonak jo zuten iaz aldezlearengana (2014an 153 eta 2013an 144), eta 139 aztergai landu ziren (2014an 164 eta 2013an 137).

   Pertsonen eta aztergaien arteko aldea azaltzeko, Etxebarriak azaldu du kontuan izan behar dela pertsona batzuek aztergai bat baino gehiago plantea ditzaketela, edo pertsona talde batek aztergai bat aurkez dezakeela.

   Horrela, aldezlearengana jo zuten 131 pertsonen artetik, 67 emakumeak eta 64 gizonak izan ziren. "Azken urteetan, sexuen arteko proportzioa gero eta hurbilago dago EHUn sexuen banaketak duen egiazko proportziotik", adierazi du aldezleak.

   Hizkuntzari dagokionez, 139 aztergaietatik, 27 euskaraz planteatu ziren, 111 gaztelaniaz, eta bat ingelesez. Kolektiboen arabera, ikasleek 67 aztergai planteatu zituzten, irakasle-ikertzaileek 42, eta AZPko langileek 16. "Urte hauetako ehunekoak aurreko urteetakoak baino logikoagoak dira, azken horietan irakasleek zegokiena baino pisu handiagoa zutelako", adierazi du.

   Gainera, EHUtik kanpoko 14 pertsonak beste horrenbeste aztergai planteatu zituzten joan den urtean, unibertsitateko arazoei buruzkoak (ikasketetarako sarbidea, plazak eta abar).

   Aztergaiak era batekoak edo bestekoak izan dira kolektiboen arabera. Horrela, ikasleen kasuan, gai nagusiak hauexek izan dira: ikasleen ebaluazioa, irakaskuntza kudeaketa, ebaluazio berezia, bekak eta doktorego tesiak. Azken gai horri dagokionez, txostenean irakur daitekeenez: "bereziki nabarmendu den gai bat da, arlo horretan egin diren azken aldaketen eraginez, beharbada".

   Irakasle-ikertzaileen kasuan, gai nagusiak izan dira ordezkapen plazak/poltsak, irakaslan banaketa eta osagarri gehigarriak; aitzitik, behera egin zuen nabarmen "gatazkak lankideekin" kategoriaren maiztasunak. AZPko langileei dagokienez, lan baldintzekin zerikusia zuten gaiak izan ziren nagusi.

   Campusen arabera, bulegora iritsi ziren aztergaietatik, 63 Bizkaiko campusetik heldu ziren, 40 Gipuzkoakoatik, eta 22 Arabakoatik. "Campusen arteko proportzioa egiazko balioetara hurbilduz doa, 2015ean Gipuzkoako campusak espero zitekeena baino presentzia handiagoa izan badu ere", dio txostenak.

   Aztergai motari erreparatuz gero, 84 kontsulta, 50 kexa eta bost bitartekaritza eskaera jaso ziren. "2015eko kontsulta kopurua 2014koaren parekoa izan da (83, 2014). Aldiz, kexa kopuruak behera egin du nabarmen, nahiz eta azkenean baietsi den kexa kopurua aurreko urtekoaren oso antzekoa izan den", adierazi du aldezleak. Izan ere, 2014an 21 kexa baietsi baziren (izapidera onartutakoen %56,8), 2015ean 20 kexa baietsi ziren (%62,5). Baietsitako 20 kexak bideratze lanetan pertsonek eta organoek emandako erantzunari dagokionez, "positiboa" izan zen 18 kexatan, eta "partzialki positiboa", beste bietan.

AHOLKUAK

   Amaierako aholkuetan, Itziar Etxebarria aldezleak nabarmendu du badagoela bere horretan dirauen arazo bat: agintarien eta zerbitzuen erantzunik eza unibertsitateko kideek aurkeztutako errekurtso eta idatziei.

   Txostenean irakur daitekeenez, "agintari eta zerbitzu askok bizkor eta behar bezala erantzuten badiete ere unibertsitateko kideek aurkezten dituzten errekurtso eta eskabideei, bada gure artean oraindik beste modu batean jokatzen duenik, hau da, era egokian, arrazoituan eta arrazoizko epean erantzutea aukera bat dela pentsatzen duenik, kasu batzuetan zertan egin ez dagoena. Beraz, komeni da argi esatea: erantzutea -eta zorroztasunez erantzutea- ez da aukera bat, betebeharra baizik".

   Beste alde batetik, aldezleak gobernu taldeari eskatu dio "neurriak har ditzala, izapideak bizkortu eta erantzun epeak laburtzeko". Azken gogoeta gisa, aldezlearen esanetan, "ez gaude -ezta hurrik eman ere- bulegoa martxan jarri zenean genuen egoera berean, nahiz eta ezin esan daitekeen gure unibertsitatea oasi bat denik, non arazoak garrantzi gabekoak diren. Aitzitik, inguruko beste unibertsitate batzuetan bezala, gure unibertsitatea ataka estuan dago, eta desmoralizazio zantzuak suma daitezke haren kideen artean".

   Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren neurri batzuk aipatu ondoren, Etxebarriak gaineratu du unibertsitateko kide guztiok "gure onena ematen" jarraitu behar dutela, "EHU unibertsitate publiko bikaina izan dadin". "Dena dela, ahalegin horrek ezin izango du mugagabe iraun, baldin eta ez badu botere publikoen babes eta laguntza handiagorik", gaineratu du.