Kira Kira islandiarrak "Tuvalù" pelikulako soinu banda interpretatuko du Artiumen, filma proiektatu bitartean

Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 22 febrero 2012 15:12
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

GASTEIZ, 22 (EUROPA PRESS)

   Artium Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak Art+Sound programarekin jarraitzen du, eta ostiralean, otsailaren 24an, Kira Kira islandiarraren emanaldia antolatu du Ekialde-Goikoa aretoan, 21:30ean hasita. Kristin Björk Kristjánsdóttir islandiarrak Veit Helmer alemanaren "Tuvalù" pelikularako ondu zuen soinu banda interpretatuko du, filma proiektatu bitartean.

   Sarrerak sei euro balioko ditu, eta kide elkartuek hiru euro ordainduko dituzte. Aurretik txartel-leihatilan egongo dira salgai eta erreserbak www.atrapalo.com webgunean egin ahal izango dira, Artiumeko arduradunek jakinarazi dutenez.

   Kristin Björk Kristjánsdótti, Kira Kira izenez ezagunagoa, musikagile eta ikus-entzunezko artista islandiarra da. Kitchen Motors diskoetxearen eta musika esperimentalean, sormenezko lankidetzan eta diziplina artistiko batzuetako eta besteetako fusioan lan egiten duen kolektiboaren sortzailea da.

   Kira Kira elkarte honetatik sortu zen 1999. urtean eta harrezkero, dantzarako, pelikuletarako eta antzerti-lanetarako soinu bandak idatzi ditu, eta musika esperimentalaren eta ikus-artearen arteko harremanak jorratu ditu. Bere estiloaren ezaugarri nagusia irudia musikaren zati garrantzitsu gisa erabiltzea da.

   Hasiera batean Kira Kirak bakarrik jotzen zuen, baina 2008an hasita Eirikur Orri Ólafsson tronpeta-jolearekin, Salumi Kosminen perkusionistarekin eta Alex Somers artistarekin batera aritu da, besteak beste, elkarlanean eta haiekin grabatu. Musika garaikidean aitzindari bihurtu da Islandian. Pop kutsuko eta folk doinuko musika elektronikoa egiten du eta Sigur Ros, Björk edota Amiina herrikideen iturri beretik edaten du. Bi disko argitaratu ditu orain arte, "Skotta" eta "Our Map to The Monster Olympics", eta aurtengo ekainean hirugarrena kaleratuko du, "Feathermagnetik".

   2010. urtean "Oharrak lurpetik" -Fiodor Dostoyevski idazle errusiarraren eleberriaren egokitzapena- eta "Herbergi 408"- soinua, bideoa eta webguneak nahasten dituen lana- antzezlanen musika ondu zuen. 2011n, Graham Keeganekin batera, "Undernearth" hots eta bideo instalazioa egin zuen, eta Orri Jónssonekin eta Ingibjörg Birgisdóttirekin "Grandma Lo-Fi: The basement tapes of Sigrídur Nielsdóttir" dokumentala zuzendu zuen, teklatu batekin eta sukaldeko tresnen eta jostailuen soinuen laguntzarekin, bere etxeko egongelan musika ontzen hasi zen 70 urteko emakume baten istorioa. Filma munduko jaialdi askotan aurkeztu dute eta 2011. urtean Kopenhagueko PDH:DOX Jaialdiko Sound & Vision saria jaso zuen.

"TUVALÙ"

   Musikari islandiarrak Veit Helmer alemanaren "Tuvalù" (1999) pelikularako ondu zuen soinu banda interpretatuko du Artiumen, pelikula proiektatu bitartean, 21:30ean hasita.

   Tuvalù uharte baten izena da, istorioko pertsonaia nagusiek amesten dutena, paisaia onirikoz eta aipamen surrealistaz betea. Pelikula mutua da eta zuri-beltzean grabatu ondoren, tonu urdinekin eta sepia-kolorearekin koloreztatu zuten. Horrela, irudien, sinboloen eta soinuen bitartez, zinemak ikusizkoan eta entzunezkoan duen gaitasuna nabarmentzen da eta ikuslea pertsonaia bitxiez betetako ametsezko mundu batean sarrarazten du.

   Artiumek martxoaren 16an jarraituko du Art+Sound programarekin jarraituko du Pumuky eta GAF y la estrella de la muerte taldeekin. Lehenengoak bere azken lana aurkeztuko du, "Plus Ultra", taldearen mugak eta ezezagunarekiko beldurraren atzean dagoena bilatzen saiatzen den diskoa.

   Bestalde, GAF proiektua 2001ean sortu zen Tenerifen, Kurajica Mladen, Drone Kolektiboaren zuzendariaren eskutik. Drone delakoa kultura-plataforma bat da, musika esperimentala eta arte multimedia sustatzeko eginkizuna duena.

Contenido patrocinado