Kirol arloko 400 bat lagunek parte hartu dute Kirol Lanbideen Legea ezagutarazteko Jaurlaritzak egindako hitzaldietan

Kirol Lanbideen Legea
IREKIA
Actualizado: viernes, 16 febrero 2018 13:19

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Kirol arloko 400 pertsona inguru izan dira Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak azken asteotan antolatu dituen lau jardunaldietan. Euskadin Kirol Lanbideetarako Sarbideari eta Jardunari buruzko Lege Proiektua ezagutzera emateko antolatu ditu topaketak.

Lege proiektua 2017ko azaroaren 7an onartu zuen Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarrean dago orain, eztabaidatu eta ondoren onartzeko. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak dokumentu bat ere banatu du kirolaren eragileen artean. Araudiaren inguruko edozein zalantza argitzeko asmoz, 85 galdera eta erantzun biltzen dituen dokumentuak.

Horrela, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak jakinarazi duenez, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Getxon egin ditu Kirol Lanbideen Legea ezagutzera emateko hitzaldiak. Guztira, solasaldietan 400 pertsona inguru bildu dira, eta Bilbokoan, esaterako, 171 lagun batu ziren.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondok, Kirolaren Euskal Eskolako arduradun Joseba Bujandak eta Juantxo Landaberea legelariak eman dituzte hitzaldiak. Ordezkari eta eragile ugari bertaratu dira: federazio, klub, administrazio publiko, kirol enpresa eta ikastetxeetako ordezkariak, entrenatzaileak edota monitoreak.

"Solasaldi hauek oso baliagarriak izan dira Lege honen errealitatea araudiaren eraginpean dauden eragileei ezagutzera emateko. Kirolaren eta jarduera fisikoaren eremuko pertsonek zalantzak argitzeko aukera izan dute; gure ikuspegitik funtsezkoa da hori, oso araudi berritzailea baita Euskadin", adierazi du Jon Redondok.

Halaber, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza dokumentu bat banatzen ari da, legearen xehetasunak azaltzeko helburu berarekin, onetsi ondoren eragingo dieten pertsonen artean. Dokumentuak 24 orrialde ditu eta araudiaren inguruko ohiko 85 galdera biltzen ditu, besteak beste, "zergatik da beharrezkoa kirol lanbideen lege bat", "nori eragiten dio lege honek zuzenean", "behartzen al du lege honek kirolaren eremuan dihardutenek lan kontratu bat izatera" edo "zer kualifikazioren jabe izan behar duzu lanbide eta jarduera profesional desberdinetan jardun ahal izateko".

Kirol Lanbideen Legeak ondorengo jarduera profesionalak arautzea du helburu: Jarduera Fisikoko irakasleak, kirol monitoreak, entrenatzaileak eta, azkenik, kirol zuzendariak. Euskadin ia 20.000 pertsonak dihardute lanbide honetan lau eremu horietakoren batean.