Kirolari adingabeek egiten duten sare sozialen erabilera kudeatzen ikasI dute EAEko entrenatzaileek

Gida aurkezteko egin den saioetako bat
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: viernes, 26 mayo 2017 12:39

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

"Adingabeekin diharduten kirol erakundeetan teknologia digitalak arduraz erabiltzeko gida" argitalpenaren nondik norakoak ezagutzeko formakuntza saioak egin dira aste honetan Donostian, Gasteizen, Bilbon eta Gernikan, eta adingabeekin aritzen diren kirol erakundeetako 150 entrenatzaile eta arduradun baino gehiago bildu dira.

Jardunaldien helburua izan da entrenatzaileak eta klubetako arduradunak Eusko Jaurlaritza eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundien arteko lankidetzari esker martxan jarritako gida berria hurbilagotik ezagutzea.

Eusko Jaurlaritzako iturriek adierazi dutenez, gizartean teknologia digitalak gero eta gehiago erabiltzen direla ikusita eta, ondorioz, baita kirol munduan ere, herri erakundeek kirol arloan aitzindaria den gida ondu dute. Argitalpenaren helburua da teknologia digital berriak ezagutzera eman eta erabilera arduratsua erraztea, bai eta helburu horretan kirol erakundeetako zuzendaritzak horretaz ohartu eta inplikatzea ere.

Jardunaldietan nabarmendu duten bezala, WhatsApp, Instagram, Facebook edo Snapchat moduko sare sozialek entrenatzaileek kirolariekin komunikatu eta koordinatu ahal izatea errazten dute, beste onura batzuren artean. Hala ere, "sare sozial horien erabilera arduragabeak arriskuak edo ondorio kaltegarriak ekar ditzake, are gehiago tartean adingabeak daudenean".

"Tresna horien erabileran kideei, aurkariei edo epaileei errespetu faltak edo mehatxuak egin dakizkieke, bai eta adinkideak jazarri (cyberbullying), berdintasunaren kontrako jarrerak erakutsi (sexistak, arrazistak, xenofoboak eta abar), irudi labainak edo sexu joerako jokabide desegokiak hedatu ere, eta pertsona helduek hori zuzendu edo eragotzi behar dugu", nabarmendu dute jardunaldiotan.

BITARTEKOAK

Errealitate berri horren aurrean kirol arloan jokatzeko moduaz ezjakintasun handia dagoenez, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herri erakundeek hainbat bitarteko ondu dituzte gidaren bidez kirol erakundeen lana errazteko.

Era horretan, eredu batzuk sortu dituzte, besteak beste, erakundeen barruan sakelako telefonoen edo teknologia digitalen erabilera arautu edo zehazten duen oinarri etikorako eredu bat, entrenatzaileei gai horren inguruan izan beharreko jokabide kode bat ematen dien dekalogo bat, eta entrenatzailearen eta kirolari adingabearen arteko hitzarmen digitaleko eredu bat (elkarrekin teknologia berriak erabiltzeko "joko arauak" adoste aldera).

Bukatzeko, guraso edo legezko tutoreen edo kirolarien baimenak biltzen dituzten klausula eredu batzuk sortu dituzte, irudiak eta beste datu pertsonal batzuk erabili eta, hartara, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoak ezarritakoa betetzeko.