K.K. Downing gitarristak Judas Priest utzi du eta ez du parte hartuko Bizkaia Arenatik igaroko den agurraren biran

Judas Priest-En Azken Bira Euskal Herritik Igaroko Da, Baina K.K. Downing Gabe
ROCK'N'ROCK
Actualizado: miércoles, 20 abril 2011 15:42

BILBO, 20 Abr. (EUROPA PRESS) -

Judas Priest talde ingelesak komunikatu ofizial bat argitaratu du bere webgunean, K.K. Downing gitarristak taldea uzten duela eta "Epitaph" deritzon biran ez duela parte hartuko iragartzeko. Taldearen azken bira da "Epitaph", eta uztailaren 31n Barakaldoko BECeko Bizkaia Arenan egingo du geldialdia.

Taldeko gainontzeko kideek (Rob Halford, Glen Tipton, Ian Hill eta Scott Travis) gitarristaren erabakia errespetatu eta onena opa diote. Hala ere, biran jarraitzea erabaki dute "zaleei hutsik ez egiteko", eta dagoeneko aurkitu dute ordezkoa: 31 urteko Richie Faulkner gitarrista ingelesa.

Judas Priest taldearen agurraren bira Barakaldoko Bizkaia Arenatik igaroko da uztailaren 31n, eta Rob Halford buru duen taldearekin batera, Motörhead eta Saxon mitikoek ere parte hartzen dute.

Sarrerak Ticketmaster, FNAC, Carrefour, Halcon Bidaiak eta Tipo Dendak establezimenduetan daude salgai. Halaber, www.ticketmaster.es webgunean eta 902 15 00 25 telefonoan ere eros daitezke.